argia.eus
INPRIMATU
Joxe Bernardo Bidaola tirokatu zuen Guardia Zibilak Lapurdi eta Nafarroa artean

Joxe Bernardo Bidaola tirokatu zuen Guardia Zibilak Lapurdi eta Nafarroa artean. Txirrita ezizenez ezaguna, ETA politiko-militarreko kidea zen eta bezperan beste hiru kiderekin batera Saratik muga gurutzatzera abiatu zen. Etxalartik iritsitako guardiek Lizarrietako mendatean atzeman zituzten eta haien aurka tiroka hasi ziren. Tiroketaren ostean, haietariko bat atxilotu eta bik ihes egin zuten, baina Txirritaren arrastoa galdu egin zen. Haren gorpua maiatzaren 28an aurkitu zuten, bala zauri batekin.

Iturria: Emilio Lopez Adan, Borroka armatua Euskadin. 1967-2011. Lehen liburukia, 1967-1980 (Maiatz).