Joseba Sarrionandiari Euskadi Literatur Sarien dirusaria behin-behinean ez ziola emango iragarri zuen PSOEren Eusko Jaurlaritzak. Moroak gara behelaino artean? saiakeragatik saria idazle iurretarrak eskuratuko zuela jakin bezain pronto, erabakiarekin deseroso, Jaurlaritzak 18.000 euroko saria idazleak “Espainiako justiziarekin arazorik zabalik” zuen argitu arte ez zuela emango adierazi zuen. Azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Sarrionandiaren zigorra preskribatua zegoela adierazi ostean, idazlearen arreba Marijek jaso zuen saria. Ekitaldian idazlearen esker-gutuna irakurri zuen eta “satanizatu” nahi izan zutenen aurrean haren defentsa egin zutenei esker ona adierazi zien.
Iturria: Euskadi Saria jaso du Marije Sarrionandiak, Joseba anaiaren izenean (Berria, 2011ko azaroak 23).