argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko gudua borrokatu zuten nafarrek eta inbasore gaztelarrek

Iruñeko gudua borrokatu zuten nafarrek eta inbasore gaztelarrek. 1512ko konkistaren ostean, urte hartako maiatzean Nafarroako Erresuma berreskuratzeko saiakera arrakastatsua egin zuten nafar legitimistek, soldadu frantsesen laguntzarekin. Bi egun lehenago, Iruñeko gaztelua Gaztelaren soldaduen esku bazen ere, hiria berreskuratua zen. 19an alkateak eta herritarrek Enrike II. Albretekoari leialtasuna agindu eta hiriko ateak zabaldu zizkieten Lesparre jeneralari eta hala moduz armatutako bere soldaduei. Gazteluan ziren Gaztelaren aldeko soldaduek kanoikadaka egin zioten eraso hiriari, eta nafarrek ahal bezala erantzun zuten. Kontraerasoan gerora santu izendatuko zuten Loiolako Iñigo noble gipuzkoarra zauritu zuten. Egun batzuetara, frantsesen artilleria astuna iritsi zenean, gaztelarrek ezin izan zuten gehiago eutsi, eta errenditu egin ziren Nafarroatik salbu irteten uztearen truke. Agintariek ezin izan zuten herritarren haserrea kontrolatu, ordea, eta kostata irten ziren gaztelarrak hiritik.

Iturria: Peio J. Monteano, La Guerra de Navarra (1512-1529). Crónica de la conquista española (Pamiela).