Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna baztertu zuen Frantziako Kontseilu Konstituzionalak. Frantziako Gobernuak sinatutako itunaren sarrerako testuaren zenbait puntu aipatuta, bizitza publikoan frantsesa ez den hizkuntza batean hitz egiteak berdintasun printzipioa urratzen duela, eta lurralde berezietan hizkuntza gutxituen hiztunei eskubideak emateak Frantziaren zatiezintasuna zalantzan jartzen duela argudiatu zuen. Ituna Frantziako Konstituzioarekin bateragarria zen ikertzeko eskatu zion Chirac presidenteak Kontseilu Konstituzionalari. Txostenaren egile Bernard Pignant eta zenbait kultur eragilek erabakia gaitzetsi zuten.
Iturria: Lutxi Fourcade, Eurokarta baztertu dute berdintasunaren eta Frantziaren zatiezintasunaren izenean (Euskaldunon Egunkaria, 1999ko ekainak 18).