Euskara batua onartu zuen Euskaltzaindiaren VII. Biltzarra amaitu zen Arantzazun. Urriaren 3an hasita, 1964an Baionan Txillardegik gidatuta eman ziren pausoak finkatu eta euskara normalizatzeko txostena aurkeztu zuen Koldo Mitxelenak. Helburua, euskalkien gainetik euskaldun guztiek ulertuko zuten hizkuntza komuna ezartzea zen, eta erdialdeko euskalkiak erabili ziren oinarritzat horretarako. Biltzar hartan erabaki praktiko ugari hartu zituzten: r’ beharrean rr erabiltzea; sh, ch, s’s’ baztertu eta x erabiltzea; eta tch eta ch baztertu eta tx erabiltzea, besteak beste. H hizkiari buruzko eztabaida geroago etorri zen. Gipuzkoa salbuespen egoeran zen ETAk Meliton Manzanas hil geroztik, eta tentsio giro hori biltzarrean ere igarri zen.
Iturria: Andres M. Urrutia, Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018 (Iberoamericana Vervuert).