Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zuten Espainiako gorte errepublikanoek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Ordurako Araba eta Gipuzkoa ia osoa frankisten esku eroriak ziren. Astebetera antolatu zuten bozketa, eta Fronte Popularreko alderdiek Agirreren aldeko botoa emango zutela adierazi zuten. Urriaren 7ko arratsaldean Gernikako Juntetxeko areto nagusian egin zuten botoen kontaketa, eta Jose Antonio Agirrek, botoen gehiengoarekin, lehendakari karguaren zina egin eta lehenbiziko Euzko Jaurlaritza osatu zuen. Egun berean, Francok bere lehen gobernua osatu zuen Salamancan.
Iturria: Mikel Errazkin Agirrezabala eta Juantxo Agirre Mauleon, 1936ko Gerra Euskal Herrian: historia eta memoria (UEU).