Elkar argitaletxearen Zabaltzen banaketa enpresan sartu zen Espainiako Polizia Donostian. “Dena da ETA” filosofiaren baitan, Baltasar Garzón epaileak, ETAren aparatu ekonomikoa osatzea egotzita, haren aurkako operazioa agindu zuen eta Igara auzoko egoitzan sartu ziren. Egin egunkaria argitaratzen zuen Orain enpresak Zabaltzeni egindako erosketa bat zuen abiapuntu Garzónek. Hemeretzi fakturaren bila joan arren, zazpi orduko miaketan 158 dokumentutik gora eraman zituzten. Operazio hark euskal kulturaren sektore ugaritan haserrea eragin zuen eta asko izan ziren elkartasun eta salaketa adierazpenak. Urte bereko urrian artxibatu zuen auzia epaileak.
Iturria: Imanol Murua Uria, Zabaltzen-en jarduerari legezko iritzi dio Garzonek eta auzia artxibatu du (Euskaldunon Egunkaria, 2001eko azaroak 4).