AHTaren inguruko lehen erreferenduma egin zuten Urbinan. Herritarrek hauteslekuetan berretsi zuten proiektuarekiko aurkakotasuna: 115 pertsonatik 108k hartu zuten parte, eta guztiek ezezkoa eman zioten. Espainiak EAEn zuen gobernu ordezkari Paulino Luesmak eragotzi nahi izan zuen herriek erreferendumean euren iritzia ematea, eta Anoetako, Aramaioko eta Elorrioko udal-galdeketak debekatu zituen hurrengo hilabeteetan. Debekuak debeku, herri horietan ere egin zituzten galdeketak, gehiengoaren ezezko irmoarekin. AHTaren aurkako borrokan toki esanguratsua zen Urbina eta handik hiru urtera istilu gogorren eta Ertzaintzaren bortizkeriaren lekuko izan zen herria.
Iturria: Sabino Ormazabal, Indarkeriarik gabeko 500 ekintza, historia kontatzeko beste modu bat (Bidea Helburu taldea).