Imajinatu kiroldegiko igerileku bat, sei kortxo ilarekin. Lerro horietako baten aurrean zutunik zaude. Lehenengo kalean adineko bi andre-gizon ikusten dituzu, beraien taularekin astiro-astiro igeri egiten. Bigarren kalean, aldiz, bi neska gazte dabiltza bata bestea baino estilo hobeagoarekin igeri, gelditu gabe. Hirugarren eta laugarren kaleetan, haurdun dauden emakumeen talde txiki bat ikusi duzu. Azkenik, bosgarren eta seigarren kaleetan, kiroldegiko monitorearen argibideak jarraitzen dituen jubilatuen kuadrilla duzu.
Kale horietako batera sartu orduko, zeure buruari bi galdera hauetako zein egingo zeniokeela uste duzu? Non molestatuko dut gutxiago? Edo, non molestatuko naute gutxiago?
Sare sozialetan denbora pasa nenbilela, arestian aipatutako irudi hori islatzen duen ilustrazioa ikusi nuen eta begira gelditu nintzaion. Egoera horren aurrean, uste dut pentsatuko nukeela non molestatu nezakeen gutxiago. Baina askotan esaten den bezala, situaziora heldu arte, inork ez daki.
Aurtengo Euskaraldian, ez dut zalantzarik izan beste urte batez ahobizi rola hartzeko. Baina aurten berrikuntza batekin: “H” daraman txapa eramatea hautatu dut. Nahiz eta nik hitanoa ez erabili, betidanik entzun dut familian eta hurbileko hainbat tokitan, eta gustatuko litzaidake etxean zein kalean hitanoz dabiltzanek neurekin ere hitanoz jardutea.
Igerilekura sartu orduko, zeure buruari bi galdera hauetako zein egingo zeniokeela uste duzu? 'Non molestatuko dut gutxiago?' Edo, 'non molestatuko naute gutxiago?'
Hitanoak baditu bere ezaugarriak; gure etxean, aitak ezin zion aitonari hikaz hitz egin, bestela aitona bere onetik aterako zelako. Baina ezagutzen ditut beste familia batzuk, non semeak aitari hikaz egiten dion eta aitari ez dion molestatzen.
Kuadrillan hitanoak hausnarketarako eman digu, eta nahiz eta oso abilak ez izan horretan, WhatsAppeko konbertsazioak hitanoz idazteari ekin diogu. Izan ere, herriko beste neska kuadrilla batzuetako kideek aitortu digute beraiek ere hasieran broman hasi zirela, ideia gutxirekin, baina urteak pasa ahala, erabiliz mantendu dutela. Gaur da eguna kuadrilla horrek hitanoa erabiltzen duena.
Pertsona batzuk Euskaraldia heltzeko gogoz egongo ziren, txapa jantzi eta ariketa sozial honi ekiteko, jendearen pentsamoldea aldatzeko asmoz. Beste batzuk, ordea, izena eman, txapa galdu eta lehenagoko ohiturak berdin jarraitzeari ekingo zioten. Badira beste batzuk, txapa ikusi orduko molestatzen gabiltzala pentsatzen dutenak. Kasu honetan, argi dut ez didala inporta zein eta zenbat molestatuko dudan.