Japonia, VIII. mendea. Nara Aro betean furoshiki terminoa erabiltzen hasi ziren, baina Edo Arora arte (XVII-XIX. mendeak) ez zen hedatu. Furoshiki objektuak ohialetan biltzeko artea da, baina bere etimologiak garbi uzten du bere jatorria: furo hitzak bainua esan nahi du eta shiki-k, aldiz, zeremonia. Hau da, hasieran japoniarrek sendo izeneko bainuetan arropak biltzeko erabiltzen zituzten oihal horiek. Baina gero erabilera hedatu zen, oihalen tamainarekin batera: bidaiariek ekipajea eramateko erabiltzen zituzten, opariak biltzeko, saltzaile ibiltariek salgaiak garraiatzeko… Zapien diseinuak ere garrantzia hartu zuen. Berez, bainuetan, arropa norena zen identifikatzeko balio zuten oihalen irudi eta koloreek, baina gero eta esanahi zehatzagoa hartzen joan ziren, erabiltzaileen familia, jatorri geografikoa edota klase soziala markatzeraino.
Baina Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaile izan zen, eta furoshiki artea ere bai. Gerraren ondoren, gauzak biltzeko plastikoaren, kartoiaren eta paperaren erabilera hedatu zen nonahi, eta japoniarrek ere zapiak baztertu zituzten.
Bigarren Mundu Gerran Japonia galtzaile izan zen, eta furoshiki artea ere bai. Gerraren ondoren, gauzak biltzeko plastikoaren, kartoiaren eta paperaren erabilera hedatu zen nonahi, eta japoniarrek ere zapiak baztertu zituzten
Mende erdi geroago, 2000. urtean, Japoniako Ingurumen Ministerioak ohitura zaharra berreskuratzea erabaki zuen, furoshiki artearen aldeko kanpaina bizia abiatuta; egun, furoshiki teknikak ikasteko edukiak topatu daitezke oraindik Ministerioaren webgunean. Eta Japonian ohitura berreskuratzea ez ezik, atzerrian ere zabaltzea lortu dute. Beste bilgarri asko ez bezala, oihalak berrerabilgarriak dira. Iraganean zetazko furoshikiak hobesten baziren ere, gaur egun, material merke eta jasangarriagoak erabili ohi dira, nagusiki kotoi organikoa. Eta aurrez beste erabilera batzuk izan dituzten oihal zatiak ere berrerabil daitezke bilgarri gisa.
Antzinako Japonian oparia furoshikiz biltzeak opariak berak bezainbesteko garrantzia zeukan. Eta egun opari jasangarriak egiteak balio bikoitza daukala gogorarazten digu arte zaharrak.