Sri Lankan eta Indian esnearen arbolaren (Brosimum utile) latexa esnetzat jotzen da. Artirinezko ogia, artoa, berarekin zopak eginda jateko ohitura omen dute nekazariek. Ahosabaian pixka bat helduagatik, gozoa eta atsegina omen da. Dastatu beharko.
Jan ez, baina ezpainetan eta mihi mutturrean pasa bai. Bada, hemen ere, bi ezpain xokoen artean darabilgun beste latex bat. Erruz, gainera; gero eta gehiago ikusten dut: erretzeko zigarro papera. Erregaiaren azal, hatz artean bildu, alde bateko ertzean duen Arabiako goma mihian pasa eta, errematea emateko, kiribildu eta papera paperari itsastea arte ederra da. Paper ziztrin batekin egindako artelanak ikusten dira. Zigarrogintzan bezala porrugintzan, txirrietan.
Arabiako goma du papertxoaren aiekak. Arabiakoa? Garai batean Arabian sortzen zen, baita Asia mendebaldean ere. Zigarreta paperean biltzen den eran, duela 5.000 urte inguru, Egipton, momiak biltzeko erabiltzen zuten. Gaur egun Afrika iparraldeko Sahara basamortua eta hegoaldeko sabanaren artean, Senegaldik Eritrea arterainoko Sahel eskualde tzarrean ekoizten da; nagusiki, %70, Sudanen. Estimatuenak Sudango Kordofangoa eta Senegalgo Ferlokoa dira.
Goma hori Acacia generoko zuhaitzei kentzen zaie, Acacia senegal eta Acacia seyal. Azaleko zauriak egin azalean eta, zauria ixteko isuriko duen jariakina bildu. Zauritik atera orduko zihatu egingo da eta gogortu. Zuhaitz bakoitzak libra erdi bat inguru eman dezake, sasoiko. Mundu osoan, gero eta goma eske handiagoa dagoenez, beste espezie eta generoetako zuhaitzetatik ere gero eta gehiago ateratzen da.
Gutxien uste duzunean ahoratuko duzu goma: txigoma edo mastekatzeko goman, izotzetan, litxarrerian, botiketan, coca-colan... Adierazten duten tokietan E-414 kodearekin azalduko da. Ez dizute berehalakoan esango, baina ardoetan erruz darabilte: argitzeko, egonkortzeko, orekatzeko, mingotsa kentzeko eta gorputza emateko. Garai bateko ardozopetakoan ez bezala...