Historialari gehienek Marco Polo Txinara iritsi zela uste duten arren, zenbaitek zalantzan jarri dute berriki. Adibidez, Frances Woodek dio Pertsiaz harago ez zela joan. Horretarako erabiltzen duen argudioa da veneziarrak ez zituela bere kontakizunean Txinako zenbait elementu deigarri aipatu. Hain zuzen, Txinako Harresi Handia eta txinatar idazkera berezia.
Gainera, garaiko txinatar dokumentuetan ez da Marco Poloren izenik aipatzen, hark Txinan Kublai Khan handiaren mandatari gisa jardun zuela adierazi zuen arren.
Aldiz, esploratzaile veneziarra Txinara iritsi zela uste dutenek diote zenbait dokumentutan “Po-Lo” izena ageri dela, eta izen hori merkatari italiarrari dagokiola. Gainera, Marco Polok Cipango esan zion Japoniari, eta izen horrek txinatarrek erabiltzen zutena du oinarri.