Yolanda Barcinak onartu du bazekiela Jesús Pejenaute kontseilariak dirua zuritu zuela CANen.
Kontuz! elkarteak Pejenaute auzia azaleratu eta egun gutxitara, Nafarroako herritarrak kontseilari berria zuten. Iñigo Allik ordezkatuko du Jesús Pejenaute, honek dimisioa aurkeztu eta gero, eskandaluaren ondorioz. Yolanda Barcina presidenteak Onda Cero irratian onartu zuen bazekiela Pejenaute dirua zuritzen aritu zela. Hala ere bere alboan egin zuen Pejenautek karrera politikoa.
Kontseilari ohiak 500 euroko billete ugari aldatu zituen CANeko zuzendariorde zenean eta bertoko langileek kapital zuriketaren prebentziorako batzordean (SEPBLAC) eragiketa irregular horien berri eman zuten. Nafarroako Gobernuak dio Pejenautek ez zuela zigorrik jaso, baina Kontuz! elkarteak eskatu du SEPBLACek egindako espedientea ikustea, kontseilari ohiak egiaz diru zuriketan izan zuen ardura argitzeko
Kontuz!-ek emandako informazioaren arabera, 2007ko otsailaren 19an CANeko bulego nagusietako zuzendariak eskatu zien 50.000 euro aldatzea 500eko billetetatik txikiagoetara, Jesus Pejenauteren enkarguz. Langileek kontrol organoetara jo zuten harrituta. Erantzuna izan zen kontua “oso larria” zela eta arduradun nagusiarekin –Pejenauterekin– hitz egingo zutela. Hala ere, hurrengo egunetan gisa bereko operazioak egiten segitu zuten eta guztira 180.000 euro aldatu zituen kontseilariak.
“Honek guztiak lotsa ematen dit”, esan omen zuen kontrol organo horietako arduradun batek. CAN oraindik eraitsi gabeko eta administrazio publikoak kontrolatutako aurrezki kutxa zen. Miguel Sanz zen Kontseilari Nagusia, eta Yolanda Barcina Kontrol Batzordeko buru eta Ikuskaritza saileko kidea. Eskandalua lehertu eta berehala Foru Parlamentuko oposizioko hainbat alderdik ohartarazi zuten iruzur horretaz zerbait jakin behar zutela UPNn. “Jende guztiak zekien” esan zuen Barcinak irratian, galderek setiaturik.
Jesús Pejenautek hortik urtebetera utzi zuen CANeko zuzendariordetza –aurre-jubilazioa jaso ondoren, 53 urterekin– baina aurrezki kutxaren inguruko beste erakundeetan segitu zuen goi karguetan –Viálogos, APD, Sodena…–. 2009an, Yolanda Barcina Nafarroako presidente izateko jauzia prestatzen ari zela, aholkulari pertsonal hartu zuen, harik eta 2012ko ekainean Gizarte Politikako kontseilari izendatu zuten arte.
CANeko iruzurra publiko egin eta hiru egunera aurkeztu du Pejenautek dimisioa. Epaitegian gertatuko denaren esperoan, delitua ukatu du, eta kargua uzteko erabakia Gobernuari kalte ez egiteko hartu duela esan du. “Muga oso goian jarri du” adierazi du Barcinak, berak egindako lana baloratzean. Nor izango da errekorra gainditzen hurrena?