Azken asteetako hauteskundeetako hitz jarioaren ondoren, egiaren ordua iritsi da. Ordua iritsi da herritarrei hainbat forotatik jaurtitako promesei erantzuteko. Hasteko, ordua da udaletan gobernatzeko hitz eman dituzten aliantzak bete ditzaten. Gogoan izan behar da, askotan, iragarritako aliantza horiek airetik ateratzen direla praktikan jartzen hasi aurretik. EAEko erkidego hauteskundeetako kasu eskandalagarrian horixe pasa zen: PSOEk hitz eman baitzuen sekula ez zuela paktatuko PPrekin Ajuriaenera iristeko, eta gero promesa hori hautsi zuen; horri esker dago Ajuriaenean.
Dena den, orain badago zerbait garrantzitsuagoa, finantza eta ekonomia krisiak familien egoerari eragiten dioten ondorio sozial larriak ekarri baititu. Hego Euskal Herrian 200.000 lagun daude langabezian eta horietatik 82.000 inguruk ez dute diru-laguntzarik jasotzen. Testuinguru horretan, alderdi eta hauteskunde koalizioak ahoa bete promesa aritu dira, krisi ekonomikoa dela-eta, arlo sozialari eta sozioekonomikoari buruzkoak denak ere. Alderdi eskuindarrenak ere langile klasearen defendatzaile moduan “birmoldatu” dira eta bide sozialetik abiatu dira.
Denek dakite herritarrei gehien interesatzen eta arduratzen diena jatekoa eta lana direla. Eta denek hitz eman dute udaletatik, herritarrengan hurbilen dauden erakundeetatik alegia, behar horiei erantzungo dietela. Promesak egitea erraza da. Orain, hitz emandakoa betetzea dagokie. Egiaren ordua da!