argia.eus
INPRIMATU
Burujabetza bilguneak, sirena hots liluragarri horiek
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Burujabetza eskubidea
Iñigo Uriz / Argzaki Press

Burujabetzaren inguruko indar metaketa kuku egiten ari da euskal politikagintzan, aldian ohikoa duen legez. Egia esan, etengabe dago hor abertzaletasunaren ohikoan txertatuta, ahul, desiratu bezain urrun, manipulagarri, potentzialitatez betetako argi apal eta lauso, adierazbide zehatzetan gauzatu denean, unean uneko errealitatea sakon astindu duena. ELA eta LABen garai bateko jarduera batasuna, Lizarra-Garaziko akordioa, Euskal Herria Bai, Nafarroa Bai... gauzatu zirenean indar handiz eragin zuten haiek ukitutako esparruak. Euskal Herriko lurralde askotako gehiengo politiko eta soziala ordezkatzen duelako da handia bilgune burujabeen eragina, eta hala ez den lekuetan minoria oso garrantzitsu eta baldintzagarri gisa eratzea ahalbideratu duelako.

Maltzagako Mahaia bilgune gisa ari da, EAk espazio burujabea indartu nahi du EAJren itzaletik aldenduz, ELAk eta LABek elkarlanerako deiak luzatu dituzte, eurena oraindik bideratu ezinik, Aralarrek ere baietz, Nazio Eztabaida Guneak bere hausnarketekin jarraitzen du... eta ENAMeko indarrak ere hor, lehen lerroan, ohi bezala ondo kokatuak, baina nahi eta ezinean harrapatuak. EAJ, aldiz, urrun eta mesfidati.

Oztopo ugari izan daitezke indar horiek guztiak gutxieneko adostasun markoaren inguruan egituratzeko, baina hiru erronka nagusi begiztatzen dira beste askoren artean: Bat, burujabetzaren aldeko lan iraunkorrak gaur egun zer esan nahi duen finkatu eta adostea. Bi, ETAren jardun armatua desaktibatzea, lan isila amaitzen denean, jarduera armatua eta bloke honen lan publiko bateratua ez baita bideragarria. Hiru, hauteskunde dinamika gainditzea eta, epe ertain eta luzera begiratuko duen jarduera sozio-politiko orokorra barneratzea, Euskal Herriko errealitate anitzak kontuan izanda. Badakit gutxi esatea dela eta hori baino askoz korapilatsuagoa dela, baina lehen urratsik gabe, ezin besteak eman eta hiru printzipio horiek barneratu ezean, ahalegin berriak jai izango du. Anbiguetate maila bat eraikitzailea izan daiteke lehen urratsetan, baina anbiguetateari ateak etengabe irekita uztea amaieraren hasiera da.

Nafarroako euskaltzaleak berriz atera dira kalera lurralde osorako euskararen ofizialtasuna eske. Legeak bakarrik ez du hizkuntza garapena bermatzen, begira Irlandara edo, gerturago, EAEko esparru askotara (administrazioa, Madrilen menpe diren guneak, kalea, etxea, lana...); baina legerik gabe hizkuntz garapen sendorik izan daitekeela fikzioa da egungo Euskal Herrian. Asko bada ere, EAEn azken 25 urteetan egindakoa ez da nahikoa, baina legearen babesak nagusitasun espazioak irabazteko ateak zabaltzen ditu. Nafarroan ez, eta ofizialtasun eza horrek errudun politiko zuzenak ditu, Nafarroako Gobernua gidatzen duten UPN eta CDN batetik, eta Gobernua sostengatzen duen PSN bestetik. Aurkako joera sakonak ukatu gabe, ordezkatzen duten gizarte eremua euren jarduera baino askoz zabalagoa da euskararekiko.