1970ean ETAko militanteek 6 heriotza-zigor eta 752 kartzela urteri aurre egin behar izan zietenean, zein izan zen Jean Paul Sartreren jarrera?
Franco goraki gaitzetsi eta ETAko militanteen alde “arrunt bustitzea” erabaki zuen.
Eta zure saio hauetan bera gogoratzeko arrazoia?
Garai hartako “modako gauche divine” espainolistaren kontra, eta Francoren kontrako oposizioan PCEk isilpean bildutako ospearen aurka altxatzean, urrats erraldoia egin zuen Sartrek Espainian benetako ezkerra eta Euskal Herrian ezker abertzalea sor zitezen. Horregatik idatzi izan dut zenbait aldiz badela garaia Sartreren omenez kale edo enparantza batzuk beraren izenaz bataiatzeko.
Rosalía de Castro ere gogoratzen duzu. Zergatik?
Galizia neure bigarren aberritzat daukat. Lurraldea gogoratzean, Rosalía poeta hilezkorrak hain zehazki azaldu zigun herriaren patu hitsaren oinazea datorkit. Azkeneko espaniar kolonia izan baita Galizia, gu berandu arte jabetu ez arren.
Eta gainerako gaiak, zer dela-eta aukeratu dituzu?
Gai unibertsalak ukitzen dituzte. Ameriketako genozidioa salatu behar dela iruditzen zait. Eta oraindik gure artean darwinismoak merezi duen maila ez duela jaso. Bestalde, Antropokeriak saioak erlijioaren eta antropozentrismoaren kritika gogorra izan nahi du. Azkenik, bi saiakera moldatu ditut astronomiaz. Giza patua eta lekua zentzuz ezartzko guztiz beharrezkoa iruditzen zait. Liburu hau eskaini nahi nieke, beraz, giza arazo nahasiak beren haragi eginik ere, kosmoaren eskergatasun misteriotsuak pentsakor uzten dituen guztiei.