argia.eus
INPRIMATU
Iturriak herriko jendea edan du
  • Iturriak herriko jendea edan du. Inor konturatu gabe. Asperturik omen zegoen ura ematen, izerdiak garbitzen eta umeen globoak betetzen. Ehun bat pertsona irentsi omen ditu. Herriko jendea aztoratuta dago. Inor gehiago ez da ausartzen iturrira joaten.
Iñaki Zubeldia 2007ko abenduaren 03a
Iñaki Zubeldia
Iñaki ZubeldiaDani Blanco
Beno, alkateak munizipalak bidali ditu zer gertatu den ikertzera, baina aholku zorrotz batekin: iturritik hamabost metrora geldi! Ez gehiago hurbildu!

Gero, jende gehiago azaldu da jakin-minez, baina munizipalek ez diete utzi iturrira hurreratzen.

– Bai gauza arraroa! –dio batek.

– Umeen kontua izango da –beste batek.

– Ez dakizue ehun lagun edan dituela iturriak, ala! –eten dio, zakar, munizipalak.

Iturriak, bitartean, ura ematen jarraitzen du. Baina munipa gazteena konturatu da aurrena:

– Begira, begira, ur zikina ateratzen hasi da!

Irentsitako biztanle guztiek zikin ikusi dute euren arima ur gardenaren ispiluan.

– Garbi gaitzazu, iturri maitea, eta aratz jaregin gaitzazu, inbidia, gorroto, handiuste eta zuhurkeria guztietatik askatuta –erregutu dio aitona buruzuri batek.

– Gu ere bai… gu ere bai… –oihartzun antzeko bat entzun du iturriak.

– Nire izen ona eta ospea galdu beharko ditut eginkizun horretan, ur zikina eta kiratsa besterik ez baita irtengo datozen hogeita lau orduetan.

– Hala ere, gure zikinak bota ondoren, berriro betiko iturri garbi bihurtuko zara eta gu zurekin jolastera etorriko gara egunero –agindu dio xalotasunez zortzi bat urteko umetxo batek.

Iturria errukitu egin da ume ahotsa entzutean eta hunkitu haren agindua jasotzean. Umeek ez dute maliziarik, baina hauek ere badute zer garbitua. Eta haiekin hasi da aurrena. Hasieran, pixkanaka zikindu da iturriko hura, baina jende helduagoa garbitzen hasi denean, iturriak nazka sentitu du: nolako zarakarra eta zornea botatzen duten pertsona apain eta dotore itxurako hauek! Kirats hau jasango duen ama-semerik ez dago munduan. Bere biltegiko urak azkarrago bildu ditu eta zentrifugazio lan izugarria egin behar izan du.

Kanpoan munizipalak eta inguratutako jendea harriturik dago. Iturriak gero eta ur zikinagoa botatzen du, ustel usaina inguru guztira hedatuz.

– Goazen denok hemendik! –agindu du munipa zaharrenak.

Iturri ingurua hutsik geratu da. Hesi antzeko bat ere jarri dute, inork gaitz kutsakorrik harrapa ez dezan.
Hurrengo goizean, edandako guztiak isuri ditu iturriak garbi-garbi, lirain, begietatik distira berezia dariela, arimaren garbitasuna poro guztietatik barreiatzen zaielarik.