“Ez amore eman gezurraren aurrean, ez onartu erraustegi kriminal hau”
[Lander Arbelaitz] Hernanin Zero Zabor taldeko kide eta ARGIAko kazetari Pello Zubiria Kaminok erraustegiaren aurka grabatutako bideoa 440 aldiz elkarbanatu, 17.000 lagunek ikusi eta 36.000 pertsonarengana heldu da Facebook bidez egun bakarrean. Youtuben lotura honetan ikusgai da bideoa. Bertan, Zubiriak bere haserrea adierazten du Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak erretzeko egin nahi duen erraustegiagatik. Hemen ikus daiteke bideoa:
Bideoaren transkripzioa segidan:
Hor eraiki nahi dute erraustegi hori, begira non dagoen Usurbil. Oso tarte laburrean dago, hemen azpian Zubietako etxeak, hor kaxkoa, hor Lasarte eta hortxe, ttontor horren atzean, Rekalde eta Añorgan. Añorgan dagoenekoz, jende askok ez daki, esana dago, baina ez da ezagutzerik nahi, Rezola porlan fabrikan ari da hondakinak milaka tona erretzen, tartean toxikoak ere, baimen guztiak Eusko Jaurlaritzak emanda. Ni Pello Zubiria Kamino naiz, herri honetan sortua eta hemendik hurbil bizi naiz, Hernanin.
Etorri naiz esatera haserre nagoela, haserre gaudela eta eskubidea dugula gure haserrea adierazteko, beharra ere bai. Haserretzekoa baita hemen gertatzen ari den injustizia eta krimen hau. Zeren eta krimena da osasunarentzako, gure eta ondorengoen osasunarentzako, erraustegia injustua eta kriminala da ekonomiarentzako, enpleguarentzako, ingurumenarentzako, klimarentzako, gure lurrarentzako. Eta hondakinak erretzea negozioa ere bada, eta hor dago gakoa. Negozio bat da diru publikoz zerbitzu publikoak modu pribatuan egiten dituzten ekonpainientzako. Guri zor publiko ez legitimo bat utzi eta haiek negozioa ateratzeko.
Eta guk herritarrok baimenduko dugu gure familiak eta gure herriak hondatzea, lau aberatsek, betikoek, beren negozioak egiten segitzeko? Guri gezurra salduz?
Ez onartu erraustegia eraikitzea. Erakutsi gure haserrea eta egin dezagun protesta. Bakean, baina ozen, bakean baina irmo. Goazen plazara agintariei esatera ez dugula onartzen, ez daukatela eskubiderik, ez daukazue eskubiderik injustizia hau egiteko.
Ez duzue eskubiderik herritar guztiok hondatzeko bai osasunez, bai ekonomiaz, bai ingurumenez, zertarako eta zuen betiko lau lagun aberatsek beti bezala negozioa egiteko erre behar ez diren hondakinak errez.
Eta herritarron ordezkaritza bat daukatenei ere, hau da zinegotzi, alkate, parlamentari, juntero… Esan herritarrei egia. Esan herritarrei zer ari den gertatzen argi eta garbi. Ez obeditu lege eta erabaki injustuei. Ez obeditu maltratatzaileari. Ez onartu.
Haserretu zuek ere eta entzun zuen kontzientziari. Eta zerbitu herritar guztion mesedeari.
Erraustegi berri hau alferrikakoa da. Usurbilek aspaldi erakutsi du alferrikakoa dela. Askoz alternatiba garbiagoa, merkeagoa, askoz enplegu gehiago sortzen duena eta burutsuagoa badagoela. Zortzi urte daramatza urtean 60 kilo baino gutxiago sortzen pertsonako. Gipuzkoan bitartean, herritar asko ari dira sortzen 250, 280 eta 300 kilo zabor nahasi. Zer eskubiderekin?
Posible bada Usurbilen bezala pertsonako kilo bat sortzea, zertarako sortu lau edo bost kilo? Zer eskubide eta zer helbururekin, ez bada batzuek negozioa egitea?
Horregatik, ez esan ezin dela, noski ahal dela. Behar dena da borondatea egin ahal dena egiteko.
Lagunok, gure umeak eta gure umeen umeak begira ditugu.
Ez etsi lapurretaren eta injustiziaren aurrean. Ez amore eman gezurraren aurrean. Ez isildu egia.
Abenduaren 27an, ni ere, nahi duten guztiekin batera, Donostian izango naiz, herritar guztiona den plazan.
Azaldu dezagun gure protesta, eta defenda ditzagun gure herriak, gure seme-alabak, eta haien seme-alabak, gure lurra, gure klima, gure ingurumena eta gure enpleguak.
Ez onartu erraustegi kriminal hau.
Ez degu amorerik emango haserrea kolektiboa da eta!!!!