Geure burua ekonomiaz (nahiko samur) janzteko
Urtarrileko LARRUN gauzatzea neuri egokitu zitzaidan eta bizi dugun krisialdi ekonomiko sakona izan da jorratu dugun gaia, krisiak dituen sustraiak eta alternatibak. Nondik datorren jakin barik, nekez uler eta alda bailiteke ezer, eta ekonomian ere berdin.
Gehienetan alternatibarik ez dagoela saltzen zaigu, berdin unibertsitatean edo hedabideetan, bizi dugun egoera zerutik eroritako madarikazio bailitzan, ekaitz edo tsunami ezinbestean onartu beharrekoa. Bada ez da hala, eta LARRUN honetan klabe batzuk azaltzen saiatu gara. Lan hau hemerotekan eta bestelako bibliografia interesgarrian oinarritu dugu eta hemen material horren oinarrizkoena azalduko dut, norbaitek gaian sakondu nahi badu, era nahiko errazean egin dezakeelako.
Gaur egun denok dakigu gehiago ekonomiaz duela bost urte baino, egoerak horretara bultzatzen gaitu, eta askoz gehiago jakin beharko dugu oraindik. Lehenik, egoerak okertzen jarraituko duelako; bigarrenik, aldaketetan sakontzeko egungo errealitatea ahalik eta ondoen aztertu behar delako; eta hirugarrenik, eta hau klabea da, material asko ari delako sortzen modu nahiko errazean ulertzeko moduan. Ez dezala inork pentsa, alabaina, ekonomia gaietan inoiz aritu ez bada, liburu “erraz” hauekin batetik bestera kontzeptu eta terminologia dena ulertuko duenik, nahiz eta mamira asko hurbilduko den. Baina informatua egon nahi duenak, ahalegina ere egin behar du, eta ahalegina eginez gero, azkenean garratz dirudien hori gozo ere bilakatzen da. Hemen LARRUNen erabili ditugunak:
– ¿Quienes son los mercados y como nos gobiernan? (Icaria/ASACO). Bibiana Medialdeak koordinaturik, honako taldeak egin du: Antonio Sanabria, Luis Buendia, Nacho Alvarez eta Ricardo Molero. 95 orrialdetan eta oinarrizko hamaika galderei erantzunez, edozein herritarrek ulertzeko moduko hizkuntzarekin azaltzen du krisia nondik datorren eta lan talde honek ikusten dituen irtenbideak. Interneten doan da, PDFn.
– Vivir en deudocracia (Icaria/ASACO). Hau ere sakelekoa da (hemen PDFa), 103 orrialde eta lau kapitulutan Europan bizi den zorraren arazoa jorratzen du. Zorra nola sortu izan den eta hainbat herrialdetan nola garatu den azaltzen du. Hori da, hain zuzen, interesgarrienetakoa, aipatzen dituen adibide ugariak: Grezia, Irlanda, Islandia, Hungaria, Argentina, Ekuador, Tailandia, Indonesia… Zorraren auditoriaren kontzeptua azaltzen du, halaber, gaur egun zordun diren herrialdeetan gero eta gehiago aipatzen dena, zor itzel horietatik zer ordaindu behar den eta zer ez bereizteko.
– Crisis y revolución en Europa. People of Europe Rise up!. 147 orr. Egilea: Observatorio Metropolitano de Madrid. Titulu bereko liburu sakon eta mardula kaleratu zuen eta arrakasta ikusita sakeleko bertsioa egin zuten, hau berau. Honen PDFa ere Interneten dago doan. Europan izan diren errebolten berri ematen du besteak beste eta Islandiako kasua labur eta txukun azaltzen du. M-15aren bueltan aritutako jendea da eta nabari da.
– Hay alternativas. Propuestas para crear empleo y bienestar social en España. Egileak: Vicenç Navarro, Juan Torres López eta Alberto Garzón Espinosa. 222 orrialdetan aditu ezagun hauek modu sakonagoan jorratzen dituzte egungo egoeraren zioak eta alternatibak, beti ere era dibulgatiboan eta ondo ulertzeko moduan. Aurrekoak baino zehaztasun handiagokoa da eta, esate batera, bukaera gisa 115 proposamen oso zehatzak egiten dituzte egungo krisialdi ekonomikotik ateratzeko. Interneten gune ugaritan dago doan PDFn
– “Ekonomialari harrituen manifestua” (Denon artean argitaletxea, 7 €). Orain arte aipatutako guztietatik laburrena da, sakelekoena. Ez dut erabili, baina orain irakurri berri dut eta 80 orrialde eta hamar ebidentzia faltsurekin neoliberalismoaren hainbat egi borobil desegiten ditu. Abantaila da euskaraz dagoela, Inma Erreak itzulia, eta Joxerra Senar Berria-ko kazetariaren hitzaurre interesgarria duela.
Erabilitako artikulu eta albisteak asko dira, hona horietako batzuk:
– Une crisis sans fond (Michel Husson). Luzea da eta LARRUNen bi atal argitaratu ditugu. Viento Sur-ek gaztelaniara itzuli du.
– 1848. Rafael Poch.
– Pedro Montes ekonomilariari elkarrizketa (Eurotik zergatik atera behar den azalduz).
– Eurotik ateratzea EBren apurketa ordenatua dela dio Marshall Auerback-ek.
– La crisis económica vista desde la economía ecológica Joan Martinez-Alier
– La gran regresion (Ignacio Ramonet)
– Eta hemen LARRUN bera PDFn
On egin.
esker mila, Xabier.
eman diguzu bazka (behar-beharrezkoa gainera…)!
inma
oso interesgarriak denak ere. Vivir en Deudokracia ere bada pdf bertsioan jeisteko. lotura honetan: http://bit.ly/zNAjyC
Eskerrik asko Gauerdikoeztula, gehitu dut PDFaren lotura artikuluan ere.