Txokolatezko gezurrak, hobeto irensteko
Eusko Jaurlaritzako Carlos Agirre sailburuak behin baino gehiagotan egin ditu krisitik ateratzeko aurreikuspen onak, eta zuhurra ei da, baina 2010eko otsailean honako adierazpenak egin zituen elkarrizketa batean: “Euskadik jakin izan du Europatik datorren berpizte olatuarekin bat egiten eta, gainera, abiadura itzelean egin du hori, eta horrexegaitik naiz baikorra”. Gaudenean ikusita…
Baina ez da bakarra, hemeroteketara jota, gisa horretako nahi adina adierazpen bila daitezke politikari eta, batez ere, agintarien aldetik. Joaquin Almunia Europako Batzordeko lehendakariordea ere baikor ageri zen urte hasieran: “Krisitik ateratzen ari gara, baina oraindik hondamendi asko berregin behar dugu”. Jakina, ez da horren larria, oraindik ez baitzuen aurtengo abuztuan burtsek jasango zutenaren berri.
Eta noski, Alfredo Perez Rubalcabak ere ez zekien halakorik iragan maiatzean, baina ordurako dagoeneko bazen PSOEko hautagai azaroko hauteskundeetarako, eta orduan hobeto ulertzen da gisakoak esatea: “Krisitik ateratzen ari gara eta aurten enplegu garbia sortuko da”.
Ulergaitza da, baina ohituak gaude: gezurra ari du agintarien ahotan, blai geratuko gara eta larrutik ordainduko dugu. Eta gezurrik handiena Espainiako defizitari Konstituziotik eutsi nahi izatearena da. Neurri horren aitzindari den Alemaniak berak ere ez du artean Espainian proposatzen den BPGarekiko 0,4ko defizit hori inoiz bete. David Lizoainek oso argi agertzen du bere blogean: “Alemaniak azken 20 urteetan behin bakarrik izan du %0,4tik beherako defizita”. AEBk hiru urtetan, Erresuma Batuak lautan, Kanadak 12tan eta Espainiak bost alditan. “Baina euroaren eremuan eta OCDEren batez besteko defizita –jarraitzen du Lizoainek– inoiz ez da 0,4tik beherakoa izan”. Wikipedian ere ondo egiaztatu daitezke datu hauetako asko.
Eguna joan eguna etorri aurreikuspen guztiak okerrera egiten dute eta inork ez daki non bukatuko dugun krisi sistemiko itzel honetan. Europako Banku Zentralak eta beste erakunde batzuek ere –Jaurlaritza tartean– motelaldia eta hazkunde tasa negatiboak ari dira iragartzen urte bukaerarako. Eta Merkatu izeneko mamu beltz guztiek euren dantza beldurgarriekin jarraitzen dute, adierazpen baikor guztiak txikituz. Aste honetako ARGIAn Pello Zubiriak autore esanguratsuen aurreikuspen errealista eta zorrotzak bildu ditu 2011-2012ko negu honetarako datorkiguna iragarriz: Espainia erreskatearen atarian ei dago. Eta hauek bai, hauetako asko asmatzen ari dira.
Herritarrok ez gara iragarleak, baina badakigu defizitari eusteko 0,4ko mugatzearen gisako neurriek non eragingo duten: gastu sozialean, ongizatearen gizarte deitu izan den horretan. Zapateroren gobernu sozialistaren erreforma gogorrek argi erakusten digute zer hondoratzen den. Maastricht-eko defizit irizpideak bultzatuta 90eko hamarkadaren hasieratik hasi eta 2008raino ere berdintsu izan zen, Vicenç Navarrok bere blogean argi azaltzen digun moduan.
Eta nola orekatzen dira aurrekontuak? Diru gehiago eskuratuz edo gastuak murriztuz. Espainian, oro har, Mendebalde osoan moduan, gastuak murriztearen aldeko joera dago eta gainera horri izaera konstituzionala ematen ari zaio. Pena da konstituzio bat lorpenei eusteko baino atzera egiteko erabiltzea. Bolivian, adibidez, Konstituzioak ura pribatizatzea debekatu egiten du eta Costa Rican Konstituzioak agintzen du Hezkuntzan ezin dela BPGren %8 baino gutxiago gastatu (EAEko aurrekontuetan 2011n Hezkuntzan BPGaren %3,9 gastatzea aurreikusten da eta Nafarroan BPGren %3,3, ELAk emandako datuen arabera). EB-15eko estatuen artean Espainia da biztanleko gastu publiko txikiena duena.
Eta nola demontre sartzen da, bada, dirua beste estatuen diru kutxetan? Ba zergetatik, alde guztietan bezala. Baina arlo honetan gertatzen da Espainia eta Hego Euskal Herria direla EB-15eko estatuen artean presio fiskalik txikiena dutenak (Portugal, Grezia eta Irlandarekin batera). Baina lasai, horrek ez omen du eraginik, bestela lehiakortasuna galduko da eta orduan bai pasatuko ditugula gorriak. Alemania, Suedia, Danimarka, Austria… horiek oraindik ez dute halakorik ikasi, antza, eta horregatik mantentzen dituzte presio fiskal altuak, batez ere gehien dutenekiko (Suediako aberatsek Espainiakoek baino %20 gehiago ordaintzen dute zergetan).
Baina zergen kontua bihar-etziko beste post baterako da, Ajuria Eneko bultzadaz agian gauzak XXII. mendea baino lehen aldatzen hasiko dira eta. Bere alderdiak azken 15 urteetan jaitsi egin dituenean, Lopez lehendakariak igo egin behar direla iritzi dio. Eta Bilduk ere bai. Eta orduan –arranopola!–, bat egingo dute? Erantzuna hilaren bukaeran, Eusko Legebiltzarreko eztabaida orokorrean egingo duen proposamenean.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks