Errigoraren deialdia azken txanpan
Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kainpaina azken txanpan sartu da, eta sustatzaileak ohar bat kaleratu du, oraindik saskirik eskatu ez duena banaketa punturen batera hurbiltzera animatzeko asmoz.
Oharran, banaketa puntu izateko gogoa azaldu duten tokien kopuruan izandako gorakada aipatzen da. Banatzaileen aldetik jasotako bultzada horrek erakusmahaiaren beste aldetik erantzuna jasotzea nahi dute. Helburu horrekin honako testua idatzi dute:
“Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpaina bukatzeko 3 egun baino falta ez direnean, oraindik eskaria egiteko dagoen herritar orori deia luzatu nahi diogu osteguna baino lehen izena eman dezan, etxetik hurbilen duen eskaera gunean.
Urriaren 28-an hasi eta azaroaren 14-ra arte iraungo du kanpaina honek. ERRIGORA, Ikastolen Elkartea, Zazpiak Bat, Sortzen eta Aek, ERRIGORA-rekin elkarlanean ari dira dinamika hau garatzen. Horregatik ikastola, ikastetxe eta euskaltegietan edota lekuan leku elkarte edo taberna batzuetan ere eskatu daiteke saskia. Guztira Euskal Herri osoan 450 puntu inguru dira saskia eskatzeko zerrendak dituztenak. Kanpaina hasi aurretik 400 puntu genituen aurreikusita, baina herri eta auzoetatik horrela eskatuta banaketa puntu gehiago jarri ditugu. Eskaera guneak zeintzuk diren jakiteko Facebook-en “ERRIGORAgara”n ikus daiteke.
Kanpainan zehar herri, auzo eta esparru desberdinetan lanerako hurbildu zaigun jendearen aldetik edo hainbat komunikabideren eskutik, izugarrizko harrera eta jarrera positiboa jaso dugula aitortu beharra dago. Horiek gabe, ezinezkoa izango zen kanpaina hau aurrera ateratzea.
Baina jadanik kanpainaren azken txanpan sartuta gaudelarik, herritarrari deia luzatu nahi diogu. Herrigintzan sinisten duen horri edota euskarari bultzadatxoa emateko borondatea duenari… Gaur horietako bakoitzari esan nahi diogu, oraindik saskia eskatu ez badu, sasoiz dabilela osteguna aurretik eskatzeko. Eta jadanik bere saskia eskatu duenari berriz, bere auzokide lagun edo senideei ere saskia eskatzeko dei egin diezaion esan nahi diogu .
Produktuak lekutatik ekarri beharrean Euskal Herrian sortutakoak jatea zentzukoagoa delako, diruaren %25 Nafarroako zonalde zigortu horretako euskalgintza bultzatzeko erabiliko delako, Nafarroa hegoaldeko kalitatezko jakiak lortzeko bide polita delako, auzolanean egindako proiektu bat delako eta saskia itzela delako. Horregatik guztiagatik, inor ez dadila saskirik gabe geratu.
Bete ditzagun bada saskien eskaera zerrendak. Azaroaren 14 aurretik eman zure izena hurbilen duzun eskaera puntuan. Dastatu saskia, ez zara damutuko. Denon artean, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka.
Kaixo,
Zer egin behar Nafarroako Ikastolei laguntzeko saski bat erosteko? Nora jo daiteke?
Mila esker
Kaixo, Ane. Banaketa puntuen zerrenda Errigoraren Facebook profilean (irekia) kontsulta daiteke.