Urko Saenz de Buruaga
Giza zientzia eta komunikazioan lizentziatuta, elikagaien zientifiko eta teknologora birziklatuta. Erortzear zegoen bere aiton-amonen basetxea berpiztu nahi zuen hiriko haurra naiz oraindik. Elikagaien ekoizpena, segurtasuna eta kalitateari buruzko gaurkotasuna aztertzen dut, begi bat industrian eta bestea atzealdeko baratzean jarrita.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- maialen(e)k Nola baretu txileak eragiten duen azkurea? bidalketan
- maider(e)k Elikadura burujabetzaz dokumental euskaldun batean bidalketan
- Urko Sáenz de Buruaga(e)k Haurren desnutrizioari buruzko hitzaldia Gasteizen bidalketan
- maialen(e)k Haurren desnutrizioari buruzko hitzaldia Gasteizen bidalketan
- Ekintza guztiak Sorginen Baratzaren agendan daude | Sorginen baratza(e)k Egutegia bidalketan
Errigora, Nafar hegoaldeko produktuen bidez euskara bultzatzeko ekimena
Atalak: Auzolana, Elikadura burujabetza
“Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpainan banatuko diren saskien erakusgaia / errigora.blogspot.com
Nafarroako “eremu ez-euskaldunean” euskalgintza bultzatzeko eta bertoko produktuak Euskal Herrian zabaltzeako helburuak proiektu bakarrean batu dituen ekimena abian da. “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” lelopean, elikagaien saskiak banatzeko kanpaina martxan jarri dute Errigora proiektuaren sustatzaileek, salmenten zati bat euskararen aldeko programak bultzatzera zuzenduko delarik.
Ekimen honen hazia joan den urtean erein zuten, sindikatu eta euskalgintzako eragile ezberdinekin batera egindako hausnarketa lan baten ondorioz. Orduan, Zazpiak Bat Harreman Sarea Ikastolen Elkartearekin bildu zen, eta elkarrekin elikagaien 1500 saskitik gora banatu zituzten. Kanpaina horrekin lortutako 34.000 euroak Tuterako Argia ikastolak aprobetxatu zituen.
Orduko arrakasta ikusita, urrats bat aurera emateko ordua ikusi zuten. Ekimena izen propio bati lotu zuten, Errigora, eta irudi korporatibo berri batez jantzi zuten. Aurrerantzean, hiru helburu zehatzen inguruan arituko da honen jarduera: elikadura subiranotasuna, merkatu globalizatuaren aurrean Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herrian banatuz; Nafarroako “eremu ez-euskaldunean” euskara bultzatzea; eta herrigintza, auzolana edo nazio-eraikuntza bezalako kontzeptuak garatzea.
Udazkeneko kanpaina abian da
Ikasturtero, bi kanpaina nagusi burutuko dituzte, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta Aek-rekin elkarlanean. Horietako indartsuena udazkenean garatuko da, eta bestea udaberrian. Azken honek ez du izango udazkenekoaren produktuen aniztasuna, baina kantitate handiagotan banatuko dira eguneroko kontsumorako produktuak.
Udazkeneko kanpaina hori abian da urriaren 28tik, eta “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” du lelotzat, bere bi helburu nagusiei erreferentzia argia eginez. Izan ere, urrutiko produktuak ekarri beharrean, irizpide zorrotzekin aukeratutako Nafarroako elikagaiak bide zuzen eta motz batez eskuratzeko modu on bat da. Baina ez hori bakarrik. Aldi berean, euskarari laguntza eskaintzen ari da eroslea.
7 lurraldeetan
Euskal Herri osoko bolondresen sareak saskiak merkatu-prezioan saldu eta bitartekarietan aurrezten den protzentaia euskarari zuzentzea ahalbidetuko du. Saski bakoitza 50 eurotan salduko da, eta horren %25-a euskararekin lotutako proiektu batera bideratuko da. Oraingoan, egoera larrian dagoen Lodosako Ibaialde ikastola, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimena eta helduen euskalduntzea ahalbidetzen duen Erriberako Aek izango dira laguntza horren hartzaileak.
Kanpainak iraungo duen hiru asteetan zehar, saskiren bat erosteko gura duen orok banaketa puntu batean izena eman eta ordaindu beharko du. Banaketa puntuen zerrenda Errigoraren Facebook profilean (irekia) kontsulta daiteke. Bertan, zazpi lurraldeetako ikastola, eskola, euskaltegi, elkarte, udaletxe, taberna edo enpresak aurki ditzakegu. Toki horietan saski bana egongo da erakusgai.
Saskiak eskatzeko epea azaroaren 14an amaituko da, arratsaldeko 18.00etan. Arduradunek epe hori errespetatzea eskatu dute, 500 banaketa puntu kudeatu behar baitituzte Euskal Herri osoan, horrek daukan lan zama eta koordinazio zailtasunekin. Hortaz, interesatuta egonez gero, ez pentsatu bitan eta hurbil zaitezte gertuen duzuen banaketa puntura, epea astebete barru amaituko baita. Behin eskakizun guztiak jasota, azaroaren 25ean banaketarekin hasiko dira.
Hazten doan proiektua
Orain arte “saski” deitu ditugun horiek, benetan egurrezko kutxak dira, baina historia handiko kutxak. Euskal arrantzaleek erabilitakoak omen dira, ekimen honetarako bereziki berreskuratu, garbitu eta berrerabilita.
Udazkeneko kanpaina honekin espero duten tiroia, Nafarroa hegoaldeko nekazariekin harremana luzatzeko aprobetxatu nahi dute. Haien produktuak Euskal Herriko hainbat toki ezberdinetaraino eramatea da Errigoraren asmoa. Esaterako, ikastola eta ikastetxeen jantokietaraino edo kontsumo taldeetaraino.
Hemen duzue Errigorak zabaldutako TXOSTENA.
Info7 irratian egindako elkarrizketa.
Eta jarraian, Errigorak prestatutako azalpen bideoa: