Salburuako Baso Jangarria
Auzolana Euskal imajinarioan nahiko errotuta dagoen kontzeptua da. Ez dagokit niri auzolanei buruz era orokor batean hitz egitea, baina, krisia dela, hezkuntza dela, militantzia dela edo agian guzti horren eta gehiagoren konbergentzia dela eta, azken garai honetan proiektu asko ari dira zabaltzen.
Konbergentzia horretan, nekazaritza ekologikoa, elikadura burujabetasuna eta permakultura bezalako kontzeptuen gorakada ulertzea ezinbestekoa da. Proiektu ugari eman dira ezagutzera azken urteetan, nekazal lurrak mantendu, berreskuratu edo, besterik gabe, lurra lantzen hasi nahi duen jendeak abiatuta.
Gaur horietako proiektu bat dakarkizuet: Gasteizko Salburua auzo berrian Baso Jangarri bat sortu nahi duena. Orain hain modan dauden hiri-baratzen indibidualtasunarekin alderatuz, baso jangarriaren kolektibitate eta elkartasuna azpimarratzen du talde ekintzaileak.
Urte honetako ekainean, Burdinbide auzo elkarteak bilera antolatu zuen, proiektua sustatu zuen Kiribilore Permakultura Elkartearekin batera. Uztailean beste topaketa bat antolatu zen aurrera jarraitzeko interesa zuen jendeak eskuragarri dauden hiru lursail azter zezan. Hil honen hasieran, elkarte moduan antolatzeko behin betiko erabakia hartu eta lan taldeak finkatu zituzten.
Proiektuak lehen urratsak ematen ari da, eta interesgarria litzateke horren gazte den auzoaren heltzean zer esanik izango balu.
Honen parte izan nahi izanez gero, informazio gehiago lor dezakezue honako helbide honetan: bcsalburua@gmail.com
Hala ere, proiektua hurbilagotik ezagutzeko aukera izango duzue larunbat honetan, auzoko jaiak aprobetxatuz, hazi bonben tailerra antolatu baitute Salburuan.
Baso honen istorioa jarraituko dugu hurbiletik.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks