Erdipurdiko uzta Araban
A maitu berri da Araban zerealen uzta, probintziako laborantzarik garrantzitsuena, eta Euskadiko Nekazari Kooperatiben Federazioak komunikatu batean erdipurdikotzat jo du, bai kalitatean, bai kantitatean.
Aurtengo euri ugariak eta sasoiz kanpoko hotzak lana garaiz egitea oztopatu dute, alde batetik, eta, bestetik, putzuen eratzea, belar txarren hazkuntza eta bestelako arazoak ekarri dituzte. Gainera, azkenaldiko ekaitz eta kazkabarrak ez dute batere lagundu. Hori dela eta, azken urteetako zenbateko bikainak nabarmen gutxitu dira. Gariak batezteko 6.000 kg/ha-ko etekina izatetik 5.000 kg/ha izatera pasa da; eta garagarrak, 5.500 kg/ha-tik 4.500 kg/ha-tara. Zenbakiak bereziki deigarriak dira iazkoekin alderatzen baditugu: 7.000 kg/ha garian, eta 6.000 kg/ha garagarran.
Prezioak, merkatuen menpe
Hala ere, garagarraren kasuan, proteina maila txikia izan arren, malteriarako minimoak betetzen dituela argitzen du komunikatuak. Zera da, garagardoa egiteko aproposa da. Eta ekoizpen urria dela eta, prezio onak espero dituzte.
Zerealen kotizazioak aipatzerakoan, ordea, azken hilabetean %20-30 bitarteko jaitsiera aipatzen dute kooperatibistek. Duela 2 urtekoen azpitik daude orain, batez ere hiru arrazoiengatik: uzten ohiko hasierarekin egon den desfasea; Espainiar estatuan izan duten uzta oparoa; eta mundu mailan dagoen eskaintza ona, batez ere Mediterraneotik datorkiguna.
Zentzu horretan, Arabako Nekazarien Elkarteak (UAGA) %30-50 bitarteko jaitsiera kalkulatzen du laborariek uztaren truke kobratutakoan. Sindikatuak elikagaien eta merkatuen espekulazioaren arteko banaketa aldarrikatu du, eta lehengaietan jasandako prezioen murrizketa ogia eta pentsuen salneurrietan islatzea eskatu du.
Atzerapen orokorra
Zerealena ez da aurtengo baldintza klimatologikoengatik kaltetua izan den laborantza bakarra. Udaberriko eguraldi desegokiak Euskal Herriko uzta gehienak atzeratu ditu: patata, erremolatxa, piperrak, tomateak, mahatsak…
Baina atzerapenak ez dio beti kalitateari eragiten. Arabako Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak esan duenez, mahats gutxiago jasoko bada ere, kalitateari dagokionez “aurrekoa berdindu edo gainditzea” espero dute.
Aupa Urko! Mikhail esan bezala, oso blog interesgarria abien jarri duzuna.
Hasteko, pasa den astean Arabako uztaren berri izan nuen irratian lanean nengoela, eta gogoratzen naiz UAGAk esandakoaz. Hemen argi eta garbi geratzen da nola laborariak merkatuen menpe daudela eta lehen baino lehen bere autonomía “berreskuratzeko premia” daukatela. Gainera, ezaguna da lehengaiekin existitzen den espekulazioa, merkatu horien gardentasun eza dela eta. Beste aldetik, argi eta garbi geratzen da nola mehatxugarri azaltzen ari diren zailtasunei aurre egiteko, (aldaketa klimatikoa edo erregai fosil eta merkeren murrizketa) eredu agroindustrial honek ez duela ez hankarik ez bururik. Horrela, Euskal Herria mailan bultzatzen ari diren zenbait ekimen oso interesgarriak eta guztiz zentzuzkoak bilakatzen ari dira, hala nola, EHNE-Bizkaia sindikatuak , Elikadura Burujabetzaren bidean antolatutakoak.