Geu gara McDonald’s
Azkeneko asteetan Mcdonald’s-ekin loturiko informazio bat dabil hortik bueltaka, batez ere gizarte-sareetan. Haren arabera, janari lasterreko konpainiak bere hanburgesen errezeta aldatu behar izan du Jamie Oliver sukaldari britaniarraren salaketa jaso ostean. Honek konpainia amerikarraren jatetxetan saltzen den haragia jangaitza dela frogatu omen zuen, amonio hidroxidoarekin tratatzen dela argudiatuz.
Nahiko gertaera garrantzitsua iruditu zitzaidan, eta gaian sakondu nuen. Ohartu nintzen lehenengo gauza izan zen, albistea komentatzen zuten webgune anitz egon arren, komunikabide “serio” batetan ere ez nuela aipamenik aurkitu. Ezta sukaldariaren webgunean ere. Horrek informazioaren egiazkotasuna zalantzan jartzen zuen.
Testu guztietan britaniarraren bideo bat aipatzen zuten errezetaren aldaketaren erruduntzat. Baina bideoa 2011 urtekoa da eta, gainera, McDonald’s-i aipamenik ez dio egiten.
Bideoan, Oliverrek Estatu Batuetako (gogoratu hau gerorako) janari lasterreko jatetxeetan eta eskoletako jantokietan zerbitzatzen den haragiaren osaera azaltzen du. Bere esanetan, haragiaren industriako konpainia handiek animalien hondarrak erabiltzen dituzte, normalean gizakien menuetatik baztertuko litzatekeenak eta txakurren janaria egiteko erabiliko zirenak. Haragi hori oso merkea da, haragi kantitate handia behar duten enpresentzako ezin hobea. Baina arazo bat dauka: ez da giza kontsumorako egokia.
Salmonella eta E. Coli bezalako bakterien presentzia kontrolatzeko amonio hidroxidoa gaineratzen zaio haragiari, pink slime delakoa lortuz. Eskandalua, ezta? Beno, bada, konposatu hori janarien gehigarri bezala onartua dago, E-527 izendapenarekin. Elikagaien industrian, azidotasuna zuzentzeko sarri erabiltzen den egonkortzailea da. Aipatutako bakterien hazkuntzarako aurkako ingurunea sortzen du, hain zuzen.
Hemen sortzen da elikagaien segurtasunean dagoen eztabaidarik ezagunenetariko bat: agintaritzak onartzen badu, ez ote da ona izango? Hau nahiko erlatiboa da. Industrian ehundaka gehigarri erabiltzen dira amaika helburu ezberdinekin: kontserbatzaileak, egonkortzaileak, koloratzaileak, antioxidatzaileak…
Elikagaien segurtasunaren ikuspegitik, gehigarriak, onargarriak ezezik, beharrezkoak ere badirela esan genezake. Adibidez, esan bezala, E. Colirekin intoxikazioak ekiditeko. Amonio hidroxidoa elikagaietan erabiltzearen ondorioak oso argi ez badaude ere, berez gai toxikoa dela gogoratu behar da.
Segurtasun kontua
Gehigarrien erabilera defendatzen dutenek diotenez, elikagaiekin irensten dugun gai toxikoen kantitatea ez da nahikoa gure osasunean eragiteko. Gainera, elikagaietan naturalki aurkitzen dira eta beroarekin lurruntzen omen dira. Hala ere, gehigarri batzuen arriskuei buruzko ikerketa batzuen emaitzek ez dute berdina esaten, haragi onduetan erabiltzen diren nitritoekin gertatzen den moduan. Eta Amonio hidroxidoaren kasuan, AEBetako Elikagai eta Sendagaien Agentziak bere webgunean onartzen du ez dela amonioaren konposatuak janari produktuen osagai moduan erabiltzeko segurtasun atalaseari buruzko ikerketa esanguratsurik egin.
Baina itzul gaitezen McDonald’s-en kasura. Dirudienez, egia da bere hanburgesen errezeta aldatu duela… Estatu Batuetan. Baina konpainiak adierazi duenez, ez da Oliverren akusazioengatik. Korporazio handien ohiko diskurtsoa, esango luke baten batek. Baina, egia esan, ez dugu salaketarik aurkitu, eta daukagun bideoan ez da McDonald’s aipatzen.
Azkenean, Food, Inc. dokumentala aipatzen zuen testu batekin topatu nintzen. Oliverrena baino bideo dokumentatuagoa, eta adierazgarriagoa. Interneten ikus dezakezuenez (jatorrizko bertsioan, azpitituluekin eta gazteleraz), ez dut honi buruz gehiegi azalduko.
Dokumentalak elikagaien industriaren funtzionamendua erakusten du, kontsumitzaileen, animalien, enpresen eta langileen ikuspegitik. Industria horren aurkako alegatua izan arren, E. coli 0157:H7 bakteriaren intoxikazioagatik hil zen haur baten amaren borroka agertzen da. Ez pentsa honek filmearen haria desbideratzen duenik. Ikusi eta ulertuko duzue. Michael Pollan idazleak dokumentalean esaten duen esaldi batek oso ondo laburtzen du arazoa:
“Elikagaien industriaren sistema efizientzia handitzea bilatzen ari da beti, baina efizientziaruntz ematen den pausu bakoitzak beste arazoak sortzen ditu. […] Industriaren jarraibidea arazo sistematiko bat duenean ez da atzera ematea eta huts egin duena ikertzea, baizik eta erremedio teknologiko bat asmatzea, sistema berarekin jarraitzeko”.
Michael Pollan, idazlea
Zera da, E. Coliren prebalentzia arriskutsuki handitzen duen sistema bat eratu dugu. Baina arazo hori konpontzearren behien elikadura aldatu ordez (sistema aldatu ordez), amonio hidroxidoa botatzen diogu haragiari.
Hala egiten du Beef Products Inc.-ek, Estatu Batuetan egiten diren hanburgesen gehiengoaren haragia ekoizten duen enpresa, eta Mcdonald’s-en hornitzailea (orain arte, behintzat). Eta puntu honetan “Estatu Batuetan” hori azpimarratu behar dut berriro. Ulertu behar dugu –eta AEBetako esplotazioak ikustea besterik ez dugu horretarako– Estatu Batuak eta gainontzeko mundua oso ezberdinak direla. Baina gogoratu behar da, era berean, ezberdintasun hori gero eta txikiagoa dela. Hala ere, badago ezberdintasun hori mantentzeko modurik.
McDonald’s-ek ez ditu animaliak pilatzen, ezta langileak esplotatzen, ezta Amazoniako basoa suntsitzen. Izan ere, hau guztiz egia da, ez baitu berak egiten, bere hornitzaileek baizik. Baina hau guztia sistemaren arazoa besterik ez da, eta sistema honen azken erantzuleak geu gara. Animalien askapena aldarrikatzen dugu, kapitalismoaren gehiegikeriak salatzen ditugu, baina haragia nahi dugu egunero bazkaltzeko, eta merke, gainera.
Honetan pentsatzean beti gogoratzen naiz Fast Food Nation filmeaz, Food, Inc.-en ere agertzen den Eric Schlosser-ek idatzitako liburuan oinarrituta dagoena. Umore arineko pelikula bat ikustea espero nuen (ezer gutxi nekien argumentuari buruz), baina filme sakona aurkitu nuen.
McDonald’s-i delitu asko eragotzi dakioke, baina gehienak sistemikoak dira. Badago, ordea, kontu garrantzitsu bat, konpainiaren nortasun zeinua dena. Kontu larria iruditzen zait eta ez dakit zergatik jarraitzen dugu hau oraindik onartzen. Kontu hori haurrak zabor janarira erakartzeko erabiltzen duten opariak dira.
Primerako artikulua! Eskerrik asko!
Eskerrik asko zuri, zure arreta eta interesagatik!