Kausa-ondorio (minbizia eta beste)
“Fundamentuzko” politikariek, beren buruei eszeptiko esaten dieten zientzialari eta sasi-zientzialariek, industriako bozeramaileek… sarritan erabiltzen dute honako argudioa “ekofanatikoen” konspiranoia agerian utzi nahi dutenean: transgeniko, erraustegi, pestizida, konposatu kimiko artifizial eta abarren kalteak salatzen beti, eta non daude horien arriskua demostratzen dituzten datuak? Zenbat lagun artatu dituzte ospitaleetan, horiek eragindako minbizi, alergia, malformazioengatik? Zelula kantzerigenoek, mikroskopioan begiratuta, “Zabalgarbik eraginda” dioen etiketa baleramate bezala.
Elektoralismo kirasdun prentsaurrekoa eskaini digu berriki Rafael Bengoa EAEko Osasun sailburuak, bularretako minbiziaren detekzio goiztiarraren eta tratamenduen onurak goratzea xede. “Orain bularretako minbizi kasu gehiago egon arren, hilkortasuna beherantz doa”, zioen titular batek. Artikulua irakurrita, ez ditut aurkitu interesatzen zaizkidan zenbait galderaren erantzunak: kasu gehiago, noiztik? Eta batez ere, zergatik? Antzera mintzo zen orain urtebeteko txosten bat: azken hamarkadan elikadura-alergia kopurua bikoiztu egin da Europan, zioten, baina ondoren diagnostiko eta tratamenduari besterik ez zieten arreta eskaintzen txostenaren egileek, gorakada izugarri horren zergatiei erreparatu gabe. Artikulu honetan, txostenaren atzetik zer motako enpresak zebiltzan aipatu nuen. Esan daitekeen gauzarik xuabeena da gutxienez zalantzan jartzekoa dela haien helburu nagusia herritarren onura denik.
Zenbait gaitzen gorakadaren zergatia ikertzeari serio ekingo balitzaio, agian erantzungo genizkieke lehenengo paragrafoko galderei, eta agian ez. Mediku batekin hitz egin dut lerro hauek idatzi baino lehenago, eta esan dit detekzio goiztiarreko programek eta bizi-itxaropenaren handitzeak berez esplikatzen dutela minbizi kasuen gorakada. Ez dut hori ukatuko, baina zer pentsatua ematen dit, nolanahi, kausak sakonki aztertu nahi ez izate horrek. Seguruenik ekofanatiko konspiranoiko hutsa naiz.
Gai honekin lotutako artikulua: “Minbizia” (2011-2-28)
Bularretako minbizia ez da txantxetakoa. Ez naiz ikerkelaria baina, berien beharra badugula deritzot. Onkologikoko ginekologoa den Mitxelena andreari hitzaldi baten entzundakoa:” bularretako minbizia, Kristo jaio aurretik, esistitzen omen ziren bularra edo bularrak mutilatutako emakumeak. Hala eta guztiz ere, gaurrengungo bizimodua: tabakoa, janaria, stresaa,,,, ez omen dira osasungarriak prebentzioa egiteko “.Geroarte.
Ez naiz ikerkelaria baina, beraien beharra badugula deritzot. Onkologikoko ginekologoa den Mitxelena andreari hitzaldi baten entzundakoa:” bularretako minbizia, Kristo jaio aurretik, esistitzen omen ziren bularra edo bularrak mutilatutako emakumeak. Hala eta guztiz ere, gaurrengungo bizimodua: tabakoa, janaria, stresaa,,,, ez omen dira osasungarriak prebentzioa egiteko “.Geroarte.