Monsanto, bigarren erasoaldia prestatzen
Transgenikoei buruzko eztabaida segitzen baduzue, azaletik besterik ez bada ere, jakingo duzue Monsanto konpainia erraldoiak merkaturatzen duen produktuetako bat Roundup Ready izeneko soja haziak direla. Soja hori genetikoki eraldatuta dago Roundup herbizida jasateko, hau da, glifosatoa jasateko. Roundup herbizida –giza osasunerako kaltegarria, aski frogatua denez– Monsantok berak saltzen die bere soja landatzen duten laborariei.
2000. urtean iraungi zen Monsantok zeukan glifosatoaren patentea, eta urte hartan bertan atzeman zuten, AEBtan, herbizida horrekiko lehen belar erresistentea, Conyza canadensis espeziearen aldaera bat. Geroztik, Roundup-arekiko erresistenteak diren 130 belar txar baino gehiago agertu da, batez ere AEBetan baina baita munduko beste leku batzuetan ere. Pennsylvaniako Unibertsitatean Landare Ekologia irakasten duen Dave Mortensenek dio “jende gehienak ez daukala horren berri, industriak kontrolatu egiten baitu informazioa nola zabaltzen den”. Gogoratu behar da Monsantok transgenikoen alde, eta zehatzago Roundup Ready hazien alde, erabilitako argudioetako bat dela herbizida gutxiago erabili beharko zela haiei esker. Errealitatea kontrakoa da: barietate erresistenteak agertzeak nekazariak behartzen ditu herbizida gehiago edota erasokorragoak erabiltzera.
Erresistentzia garatu duten belar “txar”-en txapelduna amarantoa da (Amaranthus quitensis), Hego Amerikan sortutako landarea. 2004an, Atlantako (AEB) nekazari bat ohartu egin zen Roundup-a ez zela amaranto kimu batzuk akabatzeko gauza. Ordutik hona bide luzea egin du belarrak: AEBetan 5.000 mila hektarea soja transgeniko abandonatu behar izan dituzte, eta beste 50.000 hektareatan gauza bera gerta liteke luze gabe. Konponbide bakarra belarrok eskuz eta banan-banan erauztea da, era tradizionalean alegia, baina hori ezinezkotzat jo daiteke laborantza mekanizatuan, lur sailak handiegiak dira eta. Esan gabe doa erresistentziak agertzearen arrazoia dela erresistentzia hori ematen duen genea landare batetik bestera igaro dela.
Monsantoren propagandaren arabera, ezinezkoa da berak sortutako landareen transgeneak beste landare batera igarotzea. Behin hori gezurtatuta, enpresak nekazariei botatzen die “super-sastrakak” agertzearen errua, gauzak behar bezala ez egiteagatik. Orain, genetikoki eraldatutako laboreen bigarren belaunaldia sortu nahi dute, herbizida bi edo gehiago jasateko gauza izango dena. Herbizida horietako bat 2,4-D izan daiteke, hau da, Vietnamgo gerran erabili izan zen agente laranjaren osagaietako bat. Beste bat dikanba da, 2-4-Drekin kimikoki erlazionatuta dagoena. Monsantoren asmoa da dikanba jasatea ahalbidetzen duen genea gehitzea dagoeneko glifosatoa jasaten dute landareei; AEBetan hori egiteko baimenak lortzeko prozesua abiatu zuen konpainiak 2010ean, eta aurrekariei begiratuta lasai esan daiteke administrazioak ez diola inongo trabarik jarriko.
Une egokia aukeratu du Monsantok. Batetik, Roundup-a eraginkorra ez dela ikusten ari da; bestetik, Roundup-arekiko tolerantziaren diseinu genetikoaren patentea 2014an iraungiko da. Saint Louiseko konpainia sastrakaren aurkako bigarren erasoaldia prestatzen ari da. Hortik zer belar txar super-erresistente sortuko den ez dut pentsatu nahi.
(Testu honetako pasarte batzuk zuzenean hartuta daude ETC taldearen Nork kontrolatuko du ekonomia berdea? (PDFa gaztelaniaz) txostenetik. Hilabete barru Rio de Janeiron egingo den Rio+20 goi-bileraz eta bertan finkatuko den “ekonomia berde” kontzeptuaz egindako erreportaje bat egiteko erabili dut txosten hori. Erreportajea, datorren asteko ARGIAn).
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- AEBetako merkatura iristear da glifosatoari erreleboa hartu nahi dion herbizida | Mundua ez da biribila - […] akabatu nahi dituen belar “txar” horiek sekulako erresistentzia garatzea eragiten duela ere ezagun da. Horri buruzko datuak zabaldu dituen…
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila - […] haren aurkako erresistentziak izugarri garatu dira. Dagoeneko, landare super-erresistenteak laborarien arazo handiena bihurtu dira AEBetako eskualde askotan. Gero eta…
Bagenekien Monsanto oso santua ez zela, eta aberia dexenteak egiten zebilela. Baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez al dute haiek adinako errua, hemen eman dieten sarbidea zenbaterainokoa den ikusita? Ez al zen izan Eusko Jaurlaritza –ez hau, baizik eta “gureagoa” zen honen aurrekoa, juxtu PatxiLo Ajuria-enearatu baino lehentxeago bide hori zabaldu zuena?
Ez nago erabat ziur, baina horren errezeloa dut…