Kukutzaga
Barkatu egidazue, arren, izenburuko nahaste-borrastea. Ordenagailu aurrean orduak eta orduak ematera ohituago, zorabiatuta nauka azken boladan hartu dudan kaleko kazetaritza dosiak, eta dagoeneko ez dakit zer idazten dudan. Batez ere, barkatu hitz bakarrean lizunki batu izana erakunde publikoek hain bestelako jarrera agertu duten auzi bi. Bilboko kontuekin nahikoa lan badu Iñaki Azkunak, eta ez du seguruenik astirik edukiko Berango apal batean jazotzen direnei erreparatzeko. Hala balitz, ikusiko luke posible dela propietate pribatuaren eskubide sakrosantuari aurka egin gabe malgutasunez jokatzea, bere alderdiko alkate batek erakutsita gainera.
Gaztelaniazko esapide batek dio konparazioak gorrotagarriak direla. Hala da, behinik behin, konparatzen diren aldeetako batentzat. EHNE-Bizkaiak eta Berangoko alkateak, Anabel Landa jeltzaleak, orain hogei egun eskas izan zuten Kukullaga Goikoa baserriko biztanleen arazoen berri. Hain tarte laburrean, gauza izan dira dokumentazio berria bildu eta adineko baserritar bi kale gorrian utzi behar zituen prozedura ezin legalagoa hamabost egunez atzeratzeko. Askoz denbora eta bitarteko gehiago eduki dute Iñaki Azkunak eta beraren gobernu-taldeak Kukutzakoa beste era batera konpontzen saiatzeko, baina egin dituzten adierazpenak ikusita geure buruari galdetu beharko diegu ea gogorik izan duten ere.
Beharbada diferentzia da Iñaki Azkuna ez dela Errekaldekoa, ezta Bilbokoa sikiera, eta Anabel Landa, berriz, berangoztarra bakarrik ez, Kukullaga auzokoa duzue, eta hori ikaragarrizko kasualitatea da, auzo osoak Errekaldeko edozein etxe-sailek baino askoz biztanle gutxiago dauka eta. Kazetarien kronikak asko apainduko dituen xehetasuna da, baldin eta kazetariak ezagutzera iristen badira. Nik neuk jakiteak ez dauka meritu handirik, beste kasualitate handi bati esker Berangokoa naizelako.
Behin nire jatorria aitortuta, herriko historia bat kontatuko dizuet: atzokoan etxetik bota nahi zuten bikoteko gizonak, hartarako sasoia zuen garaian, berak baino behar handiagoa zuten askori lagundu zien. Adibide baten berri izan nuen atzo: idiekin kilometro mordoa egin (oinez) eta herriko emakume alargun baten soloak jorratzera joaten zen, debalde. Emakume hark ez zeukan idirik, bai ordea seme-alaba asko eta nahi baino janari gutxiago. Auzolan berbak gaur egun baino askoz esangura beteagoa zeukan denborez ari naiz, zer esanik ez. Dena ez dago galduta, hala ere. Idi faltan, traktorearekin jartzen dira orain defendatu beharreko baserriaren aurrean urrunetik etorritakoak; oinez etorri beharrean autoz etorri izanak erromantizismoa kenduko dio agian keinuari, baina ez du beraren balioa gutxiesten.
Kukullagan bildutako 50en bat lagunek, zorionez, ez zuten Aresen proportzionaltasunik dastatu behar izan, alde gehienek gauzak bakean konpontzeko borondatea agertu zutelako, Ertzaintzako buruak barne. Ea hamabost egun barru berbera bidaltzen duten. Errekalden, berriz, haserrea ez da baretu: Errekaldeberriz elkarteak nori eta Amnesty Internationali eskatuko dio, besteak beste, joan den asteko polizia-operazioaren nondik norakoak aztertzeko. Hona hemen, gaztelaniaz, zabaldu duten adierazpenaren testu osoa.
Eta alde egin baino lehen, esan egin behar dizuet: idirik ez zeukan emakume alargun hura nire birramama zen.
Kronika polita, tristea, gogorra… Eskerrik asko, Unai, Kukullaga Goikoa eta bertako baserritarren erretratuak osatzegatik. Baserriaz jabetu nahi dutenenenak ere hobeto ezagutu beharko genituzke herritarrok. EHNE-Bizkaiakoek bi datu eman zituzten Garan: Jesus Goti Infante eta CrediMadrid (http://www.gara.net/paperezkoa/20110924/292829/es/EHNE-llama-parar-desahucio-caserio-Kukullaga-Berango. Baserri Bizia buletinak, bi gehiago: Carlos Ramos Villanueva notarioa eta Caixa Cataluña (http://www.baserribizia.info/index.php?option=com_content&view=article&id=2736&Itemid=57).
Kaixo Peio, Aupa Unai!
Kukullaga Goikoa baserriaren inguruko afera, gertutik jarraitzea tokatzen ari zait.
EHNE Bizkaian ari naiz aspaldi honetan, komunikazio/proiektu/plangintza eta enparauetan…
Eta ariketa xume bat eskatuko dizuet, ikerketatik gutxi du, eta are gutxiago kazetaritzatik.
Bila ezazue edozein bilatzailetan Jesus Goiti Infante.
Emaitza harritzekoa da, lukurreria zer den hobeto azaltzen du Google-ek Arestiren poemarik ederrenak baino.
Azkunak jabetza pribatua defendatu behar duela dionean, ez dakit baserria gogoan duen… guk aste pare bat ditugu defentsa hornitzeko, gotortzeko, juridikoki lantzeko, politikoki indartzeko, sozialki aktibatzeko…
Euskal Herriak baserriak behar ditu, baserriek lagunak…. eta Kukullaga Goikoak gu guztiok behar gaitu, han, errekaondoko errota, behien landa eta Koldo eta Tereren etxebizitza denak…
Mila esker, eta aurrera bolie!