Ehizakia berun erara
Orain dela urte biko ildo beretik, espainiar CSICeko (Zientzia Ikerkuntzarako Kontseilu Nagusia) ikerlariek ohartarazi dute ehizarako erabiltzen diren berunezko munizioak ondorio kaltegarriak ekar diezazkiekeela animalia askori, gizakia barne. (Oharra: CSICen euskarazko bertsiora ipini dut lotura, baina %98 gaztelaniaz dago).
Jakina da berunezko munizio batek, eta berunezkoa ez denak ere bai, arma batetik jaurtia izan eta ondorengo segundoetan animalia bat bete-betean jotzen badu, animalia horrenak egin duela. Hori esateko ez genuen CSICen beharrik. Baina munizioa berunezkoa denean, arriskuak luzeago irauten du, Vietnam, Afganistan eta halako lekuetan lantzean behin eztanda egiten duten mina horiekin gertatzen den bezala, ipini zituztenetik hamarkadak igarota ere. Enviromental Science and Technology aldizkarian argitaratutako artikuluan, ikertzaileek adierazi dute beste eremu batzuetan –pinturen eta erregaien fabrikazioan, esaterako– berunak jasan duen debekua ez dela iritsi ehizarako jaurtigaietara. Datu ikaragarria aipatu dute artikuluaren egileek: Europan 40.000 tonatik gora munizio jaurtitzen da urtero, eta gehiena berunez eginda dago. Gero, piztia askok perdigoiak jaten dituzte, eta euren barnea kutsatu. Aurretik mehatxatuta zeuden espezieen kasuan, berunak azken bultzada eman diezaieke.
Beruna guregana ere iritsi daiteke, ehiza-okelaren bitartez. Iturri bereko beste datu bat: urtero, europar merkatuetan, berunezko perdigoiekin hildako bi milioi erbi patagoniar saltzen dira. Baina hori adibide bat besterik ez da; ehizatik lortutako okelak merkatu zabala dauka Europan, batez ere erdialdeko herrialdeetan. Eta ez dago inolako erregulaziorik, ikerketaren egileek salatu dutenez. Beste ikerketa zaharrago batek frogatuta dauka ehizakia jateak handitu egiten duela odoleko berun kopurua, eta berunak giza-osasunean dituen eragin kaltegarriez luze-zabal idatzi da –pare bat minutu Googlen aski izango duzue–, baina mundua nola doan ikusita ez nintzateke harrituko munizio-fabrikatzaileren batek bihar esango balu: “Ez dago froga nahikorik beruna jateak osasunari txar egiten diola baieztatzeko”. Munizioak ez ezik, aurpegi asko ere egiten bide dituzte metal astun horrekin.
Post scriptum: eskuman ageri den tipo interesgarriaren argazkiaren azpian leitu daiteke ez dudala txoko hau erabiliko erlijioaz jarduteko. Alabaina, oi doilorkeriaren handia, hitza jan dut nire aurreko artikuluan. Kontsolamendua daukat inork gutxik irakurriko zuela, baina kontsolamendu eskasa da: izenburutik beretik (zer eta Ai, Jaungoikoa! titulatu nuen) uko egin diedanez neure printzipioei, nekez ezkutatu dezaket egindako bekatua (ui, erlijioa aipatu dut berriro…), eta orain kinka larrian nago. Zer egin, eskumako aurkezpentxoa aldatu edo artikulua ezabatu? Erabakia hain da zaila, seguruenik urteak emango ditudala hartu gabe.
Klenbuterola solomilloetan, beruna ehiza-okelean… bitamina piloa horzkada bakarrean! Enfin, ez da hau garairik onena eskopeteroak kritikatzeko, mendi-bideak hartuko baitituzte aurki…