Engainatu egin ninduten, eta familia osoa geratu gara langabezian

Engainatu egin ninduten, eta familia osoa geratu gara langabezian

Claudia Gonzalez Rodriguez dut izena eta Kolonbian jaio nintzen, Bogotan, duela 47 urte. 2003an etorri nintzen Euskal Herrira. Geroztik, semea eta alabarekin bizi naiz Bilbon, alokairu sozialeko etxe batean. Hamar urteotan makina bat lanetan aritu naiz, iruzur baten ondorioz lanik gabe geratu naizen arte.

Kolonbian unibertsitate ikasketak egin nituen, eta arnasketa terapeuta naiz, jaioberrietan aditua. Etxea eta lana nituen han, baina Kolonbiako indarkeriatik ihesi eta bizi-maila hobearen bila etorri nintzen Euskal Herrira. Ezagun baten bitartez lortu nuen ume batzuk zaintzeko kontratua, eta horri esker, dokumentu guztiak behar bezala nituela etorri nintzen: lan eta bizileku baimenarekin. Bi urte geroago etorri ziren nire seme-alabak. Tamalez, nire unibertsitate titulua ez da baliogarria hemen, eta ezin izan dut ospitaletan lan egin. Hala ere, urte hauetan hainbat lanetan aritu naiz, adineko pertsonak zaintzen batez ere.

Duela urtebete inguru autonomo egin eta nire bizitza egonkortzeko aukera izan nuen. Hori zen, behintzat, uste nuena. Zaharren egoitza txiki baten jabeak negozioaren kudeaketa nire gain hartzea proposatu zidan. 2.000 euro ordainduko nizkion hilero, eta erabaki guztiak nire esku geratuko ziren. Nire semeak heziketa profesionaleko elektromekanika titulua du, baina une hartan langabezian zegoen, eta onartu egin nuen proposamena, hari lana emateko aukera izango nuela pentsatuta. Aukera paregabea zirudiena, ordea, biak langabezian utzi gaituen iruzurra izan da azkenean. Hasi eta gutxira, langileek salaketa jarri zidaten, zaharren egoitza nire aurretik kudeatu zuenak kontratatutakoek. Antza, 30.000 euro zor zizkien aurreko arduradunak. Egoitzaren jabea jakinaren gainean zegoen, noski, baina ez zidan ezer esan harekin tratua egin nuenean. Engainatu egin ninduen. Pasa den azaroan izan zen ebazpena, eta epaileak arrazoia eman zien salaketa jarri zutenei. Zaharren egoitza kudeatzen jarraitu nahi banuen, ezagutu ere egiten ez ditudan langile horiei lana eman behar nien, eta 30.000 euro ordaindu. Horretarako dirurik ez nuela eta, utzi egin behar izan nuen.

Geroztik, semea eta biok langabezian gaude, prestaziorik jaso gabe. Zorionez, ia hamar urtez zain egon ostean, aurreko urtean alokairu sozialeko etxea egokitu zitzaigun. Horri esker badugu non bizi bederen. Nire alabaren gaitasun-urritasunagatik 357 euroko laguntza jasotzen dugu eta horrekin ordaintzen dugu alokairua, baina janaria eta gainontzeko oinarrizko gastuetarako, komeriak. Aurretik aurreztutako gutxiarekin ari gara moldatzen, baina lana aurkitu beharra dugu aurrera jarraitu ahal izateko. Injustizia handi batek eraman gaitu oraingo egoerara, eta hori mingarria da oso.

Ez dut Kolonbiara itzultzeko asmorik. Diru asko irabazita itzuli beharko nintzateke, negozio bat ireki ahal izateko. Irlandan eta Frantzian ditudan lagunek haiengana joateko gomendatu didate, baina hizkuntza dut oztopo. Gainera, oso gustura gaude Euskal Herrian. Duela urte batzuk curriculuma bidali eta berehala deitzen zidaten. Orain ez da horren erraza lana aurkitzea. Haatik, ez naiz geldirik egoten, eta aurkituko dut zerbait berandu baino lehen. Hala espero dut behintzat.