Supermerkatuak egin eta egin, eta txikiak pikutara goaz

Supermerkatuak egin eta egin, eta txikiak pikutara goaz

Kontxi Iribarren Villegas naiz, Iruñekoa. 61 urte ditut eta Alde Zaharreko Mañueta arrandegia ireki nuen orain 34 urte. Komertzio txikiaren gainbehera ikusten ari naiz mostradore honen atzetik.

Denbora da Iruñean lehenengo hiper-a ireki zutela, eta orduz geroztik bata bestearen atzetik etorri dira. Astakeria handiak egiten ari dira oraindik ere, diren garaiak diren arren. Zenbat hazi da, bada, Iruñeko biztanleria azken urteetan? Ez da batere proportzionala egiten ari direna. Gustura jakingo nuke zer negozio dauzkaten atzetik, horrenbeste salgune handi egiteko ematen ari diren baliabide eta erraztasunak ikusita. Eta bitartean txikiak pikutara…

Oroitzen naiz nola igotzen ginen Arrotxapeatik Alde Zaharrera haur ginela; hura bizitza Kale Nagusian egoten zena! Denda txikiz josita, jendea karrikan… Baina jateko modua ere asko aldatu da, eta horrekin batera, noski, erosketa modua ere bai. Askoz ere denbora gutxiago pasatzen da sukaldean orain. Momentuan, di-da egiteko produktuak eskatzen ditu bezeroak; garbitu beharrik gabe, kazuelaren aurrean hamar minutu baino gehiago egoteko betarik hartu gabe. Lehen antxoak kaxaka saltzen bagenituen, orain libra bat eraman dezaten garbitu eta txukun-txukun jarri behar izaten ditugu sarri, etxera iritsi eta eskuak zikindu ere egin gabe prestatzeko moduan. Jendeak ez du erosketak egiteko denborarik hartzen, eta asteko erosketa orokorraren ideia gero eta sartuago dago. Eta zer tentagarriagorik, astean behin leku bakarrera joan eta behar duzun guztia han edukitzea baino? Autoa atarian utzi, poltsa handiak zuzenean maletategian sartu eta berriz etxera buelta. Zer eta merkatua lehertzen duten prezio merkeekin gainera!

Guk ezin dugu zifra horiekin lehiatu, baina prezio-kalitatearen balantzan gure produktuak merkeagoak dira, askok hala uste ez duen arren. Prezio merkeenak han dituztela? Jakina baietz, baina balantzan kalitate baxuenekoarekin batera sartzen da hori. Komertzio txikiok ere ekarri ditzakegu horrelako produktuak, baina jokaldi txarra litzateke, bezeroak galduko baikenituzke; eta ez dut merkeago saldu litekeen arrainik ekarriko, bezeroari ezingo baitiot kalitaterik bermatu. Beste gauza askotaz ez dugu ideiarik izango, baina gureaz bai, gure ofizioaz badakigu eta datorrenari ahalik eta elikagai onena eskaintzen saiatuko naiz. Dendari txikiok horixe dugu eskaintzeko: gure produktua ezagutzen dugu, elikagaia manipulatzen badakigu, bezero bakoitzaren gustuen jakitun gara eta gertutasuna eta konfiantza dira gure armak.

Gainbehera ikusten ari gara, bai, baina arazoak arazo oraindik ere irekita jarraitzen du Mañuetak eta hori herritarrengatik ere bada. Familia txiki baten modukoa da hau, baina familia guztiak bizi behar du, eta jendea gure arazoez jabetzea nahi badugu, guk eurenak ere kontuan hartu behar ditugu. Hala, azken krisi honen kontuarekin guk ere geure eskaintzak egiten ditugu, eta langabetuari, adibidez, %10eko deskontua egiten diogu erosketan.

Hiru bat urte geratzen zaizkit jubilatzeko, eta azken egunera arte denda irekita mantentzen ahaleginduko naiz. Hortik aurrera, orain arte egin badugu, biziko gara.