Eskuin muturraren joerak ez dio onik egingo atzerritarrari

Eskuin muturraren joerak ez dio onik egingo atzerritarrari

Mario José Méndez dut izena, 40 urte ditut eta duela bost urte iritsi nintzen Nikaraguatik Euskal Herrira. Lasarte-Orian bizi naiz eta alokairuko pisu batean nago bi lagunekin.

2009an iritsi nintzen Donostiara, lanera, Nikaraguan nire negozioa moldatzeko diru pixka bat egin eta itzultzeko asmotan. Mendebaldea aztoratu duen krisiaren hastapenetan, banekien atzerrian ez nintzela nire arloan arituko eta edozein lan egiteko kontzientziatuta nentorren. Jatorriko herrialdean kontu-hartzaile lanetan aritzen nintzen eta espero bezala, hemen adineko emakume bat zaintzen nabil orain.

Lehen hilabeteak astean behin emandako elikagaiekin antolatu behar izan nituen nola edo hala, eta gizarte-laguntzaileen babesa izan nuen laguntzak eskatzerako orduan. Baina lanera etorri nintzen eta pixkanaka egin dut nire bidea. Lanbidek eskainitako geriatria ikastaroa egin nuen eta hortik heldu nion adineko pertsonen zaintzari. Urte eta erdiz interno aritu nintzen beharrean, eta orain arratsaldetan zaintzen dut emakume bat Errenterian. Ez naiz geldirik egotekoa eta goizetan, egin ditzakedan lanen bila aritzen naiz, hilabeteko soldata txukun xamar bat jasotzeko.

Orain urte erdi pasatxo Donostiatik Lasarte-Oriara etorri nintzen bizitzera, garestia baita hiriburuan bizitzea; gastu handiegirik egiten ez badut ere, nire asmoetarako diru zati bat gordetzen saiatzen naiz eta beste zati bat amari bidaltzen diot hilero. Dena den, ni askoz ere gutxiagorekin bizitzen ohituta nago Nikaraguan, eta bizimodu hau niretzat luxua da. Badakit ez daukadala izugarrizko soldata, baina behar dudanerako nahikoa dut. Nire gauzatxoak egiten ditut, nire gastuetarako ailegatzen zait eta itsasoz bestaldera diru bat bidaltzeko ere ematen dit. Egia da, etorri nintzenean diru-sari altuagoa jasotzea espero nuela eta lehenago itzultzea, baina luzatu egin beharko dut pixka batean nire egonaldia. Hor arazo handiagoa egon liteke: botere mugimendu batzuk badaude Europan azken hauteskundeetan islatu direnak, eskuin muturrarenak, eta horrek zer pentsatua ematen dit, agian ez dugu horren erraza edukiko geratzea. Melillakoa ikusita, gainera, Espainiak Immigrazio Legearen erreforma egiteko aitzakia badauka, eta atzerritar kolektiboarentzat egoerak okerrera egin dezake.

Bitartean, lanean jarraitu beharko dugu. Ez dago inorentzat erraza baldintza txukun batzuetan aritzeko lekua aurkitzea, baina hemen harreman-sareak funtzionatzen du. Nik ez dut curriculum bidez lortu lanik, eskaintza guztiak ahoz ahoko truketik iritsi zaizkit eta hori da landu behar dena. Ahal den neurrian ingurukoari lagundu behar zaio, eta atzerritarron kasuan askotan horixe egiten dugu gure artean. Nolabait, beste era bateko gizarte laguntza bat da, etxean edo kanpoan babestuko zaituena.