Kameraz zelatatzen dute langileon jarduna

Kameraz zelatatzen dute langileon jarduna

Gazte prekarioa naiz, gutxira arte enpresa batean langile, eta ezkutuan mantendu nahi ditut nire datu pertsonalak, ondorengo lerroetan kontatuko dudanagatik enpresan jarraitzen duten langileek eta nik neuk kalterik jasan ez dezagun.

Kokatuko zaituztet. 2013ko abendura arte lanean aritu naiz Euskal Herriko enpresa batean, eta ikaragarria da ezagutzea langileak horrelako baldintzetan ari diren enpresarik badela gure inguruan. Bertan zortzi orduko lanaldiak egiten dituzte, beste enpresa askotan bezalaxe, baina hogei minutuko deskantsu tartea besterik ez da izaten, otorduak, komunerako denborak eta abar kontuan hartuta. Ez dago beste erremediorik, osterantzean ez zara egunean produzitu beharreko produktu mailetara ailegatzen. Egunero kopuru jakin bat produzitu behar izaten du beharginak, eta hor sartzen dira lehiak; sail bereko beste lankide batek zuk baino gehiago ekoizten badu, lehenengoan abisua pasatzen dizute, bigarrengoan urduri jartzen hasten dira, eta hala segituz gero kalera botatzen zaituzte. Gu saiatzen ginen gure sailekoen artean produkzio kopuru batzuk adosten, nagusiak gustura edukitzeko moduko neurria, baina aldi berean langileok ito gabe aritzekoa. Bestela, ikusiz gero gehiagora hel gaitezkeela, handik aurrera ez liguke lehengo neurrietara itzultzen utziko; exijentzia maila gero eta altuagoa da.

Produktua eta zenbakiak interesatzen zaizkie nagusiei, eta langileak produktu hori egiten duten objektutzat besterik ez gauzkate. Lantegiko edozein arriskuren aurrean babesteko oinarrizko elementuak ere kostata ematen dituzte. Langile batek beharrezkoak baditu eskularru bereziak, lehenago merkeago batzuk ematen ahaleginduko dira. Eta behin eta berriz eskatzearen poderioz lortu behar izaten dira gauzak. Langilearen segurtasuna bost axola zaie! Hori bai, langileak eskularru berezi horiek ez dauzkalako beharrezkoa baino gutxiago produzitzen badu, izugarrizko errieta jasan behar izaten du. Askotan langileari errespeturik gabe hitz egiten diote: “gaur ze mierda produzitu duzu” eta horrelakoak entzun behar izaten dira.

Kameraz josita dago enpresa, eta langileon jarduna zelatatu dezakete. Lankideekin hizketan aritzeak ondorioak ekar ditzake, nahiz eta beste aitzakiaren bat asmatuko duten kargu hartzeko, ezin baitute esan kameretatik zelatan egoten direla.

Eta noski, ez dago ordezkari sindikalik enpresan. Izan dira langileak, euren eskubideen defentsan mugitzen hasi direnak, baina enpresak errotik moztu izan ditu beti horrelako ekimenak. Izua zabaltzen dute, eta horren poderioz funtzionatzen, bai baitakite langileak lan horren beharrean daudela eta norbait botaz gero beste hogei pertsona edukiko dituztela postu horren eske.

Jendeak oraindik ere sinesten du horrelako baldintzetan Bangladeshen aritzen direla eta gurea ongizate gizarte bat dela. Baina eskubide guztiak zapaltzen ari zaizkigu eta elkartasunean borroka egin beharra daukagu. Bakoitzak bereari baino ez badio begiratzen, jai daukagu.