Bizitza osoko lanarekin irabaziriko diru apurra Eroskik du orain

Bizitza osoko lanarekin irabaziriko diru apurra Eroskik du orain

Pedro Miguel dut izena eta basauriarra naiz. 62 urte ditut, eta 42 eman nituen Firestonen lanean, minbiziak uztera behartu ninduen arte. Gaixotasuna zela-eta jaso nuen kalte-ordainarekin Eroskiko partaidetzak erosi nituen, eta orain, kontrakoa agindu bazidaten ere, ez dut diru hori berreskuratzerik.

15 urte nituela hasi nintzen lanean Basauriko Firestone lantegian, eta 42 urtez aritu nintzen bertan. 22 urte dira giltzurrunean tumore bat aurkitu zidatela, eta horren ostean, biriketara zabaldu zitzaidan. Operazio eta tratamenduei esker aurrera egin eta lanean jarraitu nuen hasieran, baina 55 urte nituela, lanerako ezintasuna aitortu zidaten. Lan egiteari utzi nion, eta kalte-ordaina jaso nuen.

Ez nekien diruarekin zer egin, ez bainuen jakiterik gaixotasunak zein bilakaera izango zuen. Hilabete batzuk lehenago Laboral Kutxan genuen gure izebaren diruarekin Eroskiko partaidetzak erosteko gomendatu zigun ohiko bankariak. Haren aholkua jarraituz, horretara bideratu nuen jasotako kalte-ordaina ere. Bankuek baino interes-tasa apur bat altuagoa emango omen zigun horrek, eta agindu zigunez, 24 orduan nahi beste diru erretiratu ahal izango genuen.

Hasieran halaxe izan zen. Izebaren zaharren egoitza ordaintzeko dirua behar genuenean esaterako, bankura joan, gure partaidetzen zati bat saltzeko eskatu eta dirua berehala ematen ziguten. Baina pare bat urtetan, partaidetzen merkatuan ulertzen ez ditudan aldaketa batzuk medio, 25 euro inguruan erositakoak 8 eurora jaitsi ziren. Ordutik, ez dago eroslerik, eta horrenbestez, dirua berreskuratu nahi dugunean, ezezkoa ematen digute. Partaidetza horiek betierekoak direla, eta eroslerik ezean, ezinezkoa dela dirua bueltan jasotzea; baina guri ez ziguten halakorik esan erosi genituenean. Engainatu egin gaituzte.

40.000tik gora gara egoera berean gaudenak: gure dirua Eroski edo Fagorren partizipazioetan sartuta, eta berreskuratu ezinda. Horietako gehienak ez dira mugitu ere egiten. Ni Kaltetuak elkarteko kide naiz, eta asanblada orokorrak egiten ditugunean 400 bat lagun biltzen gara. Horrez gain, Bilboko Plaza Biribilean elkartzen gara asteazkenero, egin digutena salatzeko. Asko jubilatuak gara, ekonomiaz deus ez dakigunak, eta bizitza osoan lanean aritu ostean irabazitako apurra da orain erabili ezin dugun diru hori. Gure dirua itzultzea nahi dugu, eta bide judiziala ere ari gara lantzen, baina ez dakigu fruiturik emango duen.

Nire kasuan, egia da erretreta duina kobratzen dudala, eta emaztea oraindik lanean ari denez, badugu bizitzeko adina. Baina minbiziaren aurkako borrokan jarraitzen dut, eta alabak ere zazpi ebakuntza jasan behar izan ditu tumore bat dela eta. Dudan guztia emateko prest nago nire alabaren eta nire osasunaren alde, baina zer gertatuko da Nafarroara edo Madrilera jo behar badugu hemen egingo ez diguten ebakuntza egin diezaguten? Horrek diru asko balio du, eta Eroskin duguna berreskuratzerik ez dugun bitartean, ezin izango dugu ordaindu.