Lanpostuari eutsi ez arren, borrokak merezi izan du

Lanpostuari eutsi ez arren, borrokak merezi izan du

Fernando Carrión Galarza dut izena, eta duela 55 urte jaio nintzen, Iruñean. 33 urtez Irurtzungo Inasa fabrikan aritu naiz lanean. Ia bi urte iraun duen borrokaren ostean, abuztuan langabezian geratu nintzen, beste 170 lankiderekin batera.

33 urte egin ditut lanean aluminioa transformatzen espezializatutako Inasa lantegian, Irurtzunen. Lanbide Heziketako bi gradu egin ostean hasi nintzen bertan, 22 urte nituela. Maiz asteburutan egin behar izaten nuen lan, eta gogorra zen familiari nahi beste denbora ezin eskaini ahal izatea, baina soldata eta baldintza duinak genituen behintzat. Gainera Irurtzunen bizi naiz, eta pozgarria zen herrian bertan lan egitea.

Baina 2011n, Hydro multinazionalak arrisku-kapital enpresa bati saldu zion lantegia, orduan ez bagenekien ere ixteko helburu bakarrarekin. Zuzendaritza berriak lanpostu asko soberan zeudela adierazi zigun, neurriak hartu beharra zegoela. Ni LABeko delegatua nintzen, eta gu ez geunden ados, baina UGT eta CCOOko delegatuen aldeko bozekin soldatak %8 jaistea onartu zen; langileon pentsio-planetatik ere dirua atera zen kaleratzeak saihesteko.

Hitzarmena iruzur hutsa izan zen. Handik gutxira Espainiako Gobernuak lan erreforma jarri zuen martxan, eta horren babespean, soldatak %40 jaitsi zizkiguten. Iruzurrari erantzuteko greba mugagabeari ekin genion orduan. Ia urte eta erdiz egon gara lantegiaren sarreran 50 lankide inguru, gau eta egun, aldarrikapen gisa.

Bitartean, zuzendaritzak makinak saltzeko saiakeran ziharduen. Bazegoen enpresa erosi eta aurrera eramateko interesa zuen inbertsio talde bat, baina aukera hori bizirik mantentzeko ezinbestekoa zen makinak bertan geratzea. 2013ko maiatzaren 22an egin zuten makineria eramateko ahalegina, baina gure borrokari esker hori geratzea lortu zen. Garaipen bezala ospatu genuen, xanpain eta guzti. Tamalez, ordea, abuztuaren 14an, Guardia Zibilaren laguntzarekin eta atxiloketak eta isunak tarteko, makina guztiak atera zituzten. Ordutik, langabezian gaude.

Dena den, nire egoera ez da horren larria beste zenbait lankide ohirenarekin alderatuta. Emazteak lan duina du, eta alaba ere lana eta ikasketak ari da uztartzen. Ni etxeko lanez arduratzen naiz, baita ama zaintzeaz ere, baina urte asko geratzen zaizkit, eta herrian negozioren bat irekitzeko aukera aztertzen ari naiz. Izan ere, 40 urtetik gorakoontzat oso zaila da lana aurkitzea.

Oraindik langabezia-prestazioa jasotzen dugu, baina laster bukatuko zaigu, irailean. Orduan hasiko da Irurtzunen eta Sakanako gainontzeko herrietan eragina zinez nabaritzen, bat baino gehiago inongo diru-sarrerarik gabe geratuko baita. Bitartean, epaitegietan borrokan jarraitzen dugu pentsio planetako aldaketekin galdu genuen diru hori berreskuratu ahal izateko, baina ez dakigu zer gertatuko den.

Egia da ezin izan diogula lanpostuari eutsi, eta hala ere borrokak merezi izan du. Ez bagina saiatu, zalantza horrekin biziko ginatekeen, eta orain, bederen, egindakoaz harro egon gaitezke.