Elikagaien bankutik jasotzen dugu janaria hilero

Elikagaien bankutik jasotzen dugu janaria hilero

Josune Ibarguren Alkorta naiz, azpeitiarra, eta 43 urte ditut. Orain sei hilabete hasi nintzen herriko elikagaien bankutik janaria jasotzen, etxekoek platerean zerbait eduki zezaten.

Langabezian gaude bikotekidea eta biok, eta 8 eta 10 urteko bi seme-alaba dauzkagu. Nik lan txikiak egiten nituen lehen han eta hemen, baina ez dut sekula lan finkorik izan. Gaur ordea, lan mundua nola dagoen ikusita, niri ere gutxitu zait lana. Bikotekidea, bestalde, urtetan zonaldeko enpresa batean lanean aritua, langabezian geratu zen duela bi urte inguru, eta bukatua du langabeziagatik kobratzekoa zuena. Momentu honetan Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dugu, baina 426 euro lau laguneko etxe hipotekatu bat gobernatzeko jakina da ez dela nahikoa.

Orain dela urte erdi jo genuen udaletxeko gizarte zerbitzura laguntza eta aholku eske, bai bagenekien diru-laguntzak bideratzen dituztela egoera zailak bizitzea tokatzen ari zaionari. Diru-laguntzen gestioarekin laguntzeaz gain, udalean eman ziguten elikagaien bankuari buruzko informazioa. Hilean behin jasotzen dugu janaria, eta hilabetea salbatzen digu herritarrek bideratutako ekimen honek.

Oso pauso gogorra izan zen udalera laguntza eske joan behar izatea, horrelako egoerak ez baitaude batere gizarteratuta, eta gutxiago bertakoen kasuan; herritarrei urrutikoa egiten zaie egoera hau, ez behintzat bertakoena, atzerritarren kontua dela uste dute… baina jabetzen hasi beharra dago agian bizilaguna daukagula etxekoei platerean zer jarri ez duela. Izugarrizko lotsaz gerturatu ginen lehen aldiz banaketa puntura, gutaz zer pentsatuko zuten erreparoz, baina eskerrak eman beharrean gaude hilero zer jan eduki dezagun militantziaz lanean ari diren guztiei.

Oraingoz etxeko gastuak guk ordaintzeko modua egiten dugu, baina neguarekin batera gastu energetikoek ere gora egiten dute (kontuan hartu gabe energia enpresek eta gobernuak egindako igoerak) eta dena zehatz-mehatz kalkulatu beharra dago. Saiatzen gara alferrikako inolako gasturik ez egiten, eta nola edo hala, uste dut aurre egingo diogula hotzari. Baina ez dira hor bukatzen herritarron oinarrizko beharrak; zer gertatzen da arroparekin? Bikotekideak eta biok ezer erosi gabe jarraitu dezakegu arropa ondo xamar zainduz gero, baina seme-alabak hazten ari dira eta txiki geratzen zaizkie jantziak. Zorionez, elikagaiak biltzen dituen talde berak arropa bilketa jarri du martxan, eta urte bukaerarako familia edo norbanakoentzako poltsak prest izango dituztela esan ziguten orain gutxi. Eta Gabonekin ere berdin, jostailu bilketa dago martxan, eta herritarrek ematen dutenarekin gure seme-alabei zerbait oparitzeko moduan izango gara.

Gurea ez da kasu isolatua eta jendarteari ikusarazi behar zaio prekarizazio eta pobrezia egoerak ondoan dauzkagula, gero eta gehiago direla, eta edozeini suerta dakiokeela. Gobernuek darabiltzaten politikak salatzekoak dira, baina gure esku dagoenari heldu behar diogu, albokoari lagunduz, auzoan, herrian, elkartasunean eta elkarlanetik.