Prekarioak gara

Prekarioak gara

Asteburua hegan pasa zaigu eta ezin izan dugu tarterik hartu ostiralean gibel handi batek lotsagabe botatako perlei erantzuteko. Malen Aldalurrek ZuZeu-n idatziak ekarri nahi dizkizugu ordea, irakurle, guk esan nahi genituenak neska honek jarri baititu sarean. Hemen testua.

Prekarioak gara

Prekarioak gara. Ni eta nire lagunak urrun xamar gabiltza mila euroko soldatetatik. Gutxi dira lan bakar bat dutenak; gehienak bat baino gehiago egin behar dituzte, eta hala ere, ez dira aitatxo eta amatxoren poltsikoetatik askatu.

Horietako batzuk –tartean ni– gustuko lanak egin ahal izateko hartu behar dituzte/ditugu bigarren edo hirugarren lanak: umezain, tabernari, garbitzaile… Amonak maiz gogorarazten dit bera neskame joan zela oraindik ume zenean, ohartzen ez den arren (ondo koskortuta bada ere) baditudala neuk ere hiruzpalau lagun neskame, baina orain Au pair deitzen diogu.

Prekarioak gara. Unibertsitate tituluak besapean hiru aukera posible: dirua lortze aldera gustuko ez dugun lan bat hartu (beti baldintza kaskarretan) gure hogeitahamar urte bueltak duintasunez pasatu asmoz; kanpora joan hemen inoiz egingo ez genituzkeen lanak Alemanian, Ingalaterran edo Australian egitera (nahiz eta hobe genukeen 10 urtetarako Indiara joan Gibel(handi)aldek esan bezala) edo aitatxo eta amatxorekin jarraitu (beti ere, gurasoen baldintza ekonomikoak ahalbidetzen badute) hirugarren karrera eta laugarren masterra aldi berean atera bitartean.

Hautatzea libre da, beti ere egungo marko lehiakorrak ezarri dizkigun mugetan. Hiru zakuetan ditut lagunak eta ezagunak, hiru zaku horietako batean nago ni neu ere. Kasik borondatez egiten ditudan lanek kentzen dizkidate ordu gehien eta ematen dizkidate buruko minik handienak, eta horiek egiten jarraitu ahal izateko nago beste lan “ez hain gustukoetan”.

Prekarioak gara. Eta bai Gibelalde jauna, Adegiko bulegoko leihotik munduari begiratzen diozunean pentsatu beharko zenuke egunero gosaria zerbitzatzen dizun ostalaria akaso diseinatzailea dela, zeinak zortzi orduko lanaldiaren ostean etxera joan eta enkarguz eskatu dizkien 10 kamiseta eta 3 logo diseinatu behar dituen. Pentsatu behar zenuke Gibelalde jauna, kalean gurutzatu duzun gazteak 2 urte pasa dituela Londresen umeak zaindu eta etxea garbitzen jana eta ohearen truke hemen zuzenbidea ikasi eta lanik ez zuelako; eta ez, ez da astebururo bisitan etortzen (zeuk esan bezala) izan ere hegazkinean gutxi tardatzen den arren ez Mugiak, ez Barikak, ez garraio publikoetarako gainerako txartelek ere ez dute balio (ez du zuk beste irabazten).

Inor Indiara edo Txinara hamar urtetarako bidali aurretik (nahiz eta badakidan asko leudekeela horretarako prest) joan zaitez zu zeu, eta maitemindu zaitez kanpoko neska edo mutil polit horietako batekin, eta zeuk esan bezala, eman ezazu bakea.