Masterra da bide bakarra

Masterra da bide bakarra

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Itxaropentsu irakurri dut goizeko kafearekin batera Berria egunkariak Mondragon Unibertsitateari egindako publirreportajea: ‘Unibertsitate masterra bukatutako pertsonen laneratze tasa ia %90ekoa da’ da titularra, Susana Azpilikueta Mondragon Unibertsitateko komunikazio arduradunaren hitzak hartuta.

Zertan pentsatzen ariko ote nintzen masterrik ez egitea erabaki nuenean… etorri zait gogora. Gaurko egoera ikusita, nola ez ditut (barkatu, nola ez dizkidate gurasoek) 5.000€ emango nire etorkizun profesionala ziurtatuko didan kurtsoa egiteko? Eta itxaron, oraintxe lan mundua dagoen bezala egonda, zergatik ez naiz nire ikasketa aldia luzatu eta pare bat espezializazio master eginda lan mundura 28 urterekin bada ere prestatuago sartzen?

Motibatuta atera naiz etxetik oso. Datorren ikasturtean masterren bat egin, eta lana topatuko dut, fijo!

Baina kalera irtendakoan topo egin dut lagun batekin eta itzuli naiz errealitatera. Lehengo urtean masterra egina du, eta orain arte bizpahiru haurri klase partikularrak ematen aritu da beste zerbait aurkitu bitartean. Aurkitu du. Baina badoa kanpora beharrera, sorterritik urrun, urtebetez “berean” lan egiteko aukera eskaini diotela eta, egunean bost ordu lan eginda hilabetean 500€ patrikaratzera. %90eko estatistiken barruan sartuko da hori ere.

Hobeto pentsatu dut etxera bueltako bidean, eta datorren urtean uste dut ez dudala masterrik egingo. Nire espezializazioa lan mundua izango da, ahalik eta maila orokorrenean jasota. Jarraituko dut bizirauteko lan batzuk egin eta bizitza errealean muturra sartzen, eta bitartean, ahal badut gustuko lanetan “txapuza” batzuk egiten.