Etenik gabe

Etenik gabe

Lehenengo prekarietatearen aurpegiari begi eta aho jarri genizkionetik azkenekoraino urte bete pasa da, eta bukatu da sailaren ibilbidea astekarian. Ahalegindu gara prekariotzaren ertz amaigabeak plazaratzen, eta haritik zintzilik dagoenari hitza ematen. Ihes egin nahi izan dugu irakurlearen begietara zenbaki huts direnetatik, eta zifren eta estatistiken atzean dauden herritar prekarioei aurpegia eman diegu.

Ez da beti erraza izan buruan geneukan elkarrizketarako testigantza emango zigun norbait bilatzea; baina badakigu guretzat norbait bilatzea baino zailagoa izan dela elkarrizketatuentzat gure aurrean jarri eta bizipen pertsonalak kontatzea. Duintasun izugarriz eman digute beren esperientzien berri. Eskerrik asko. Eskerrik asko “Prekarietatearen aurpegiak” saila aurrera ateratzen laguntzeagatik, zuen bizimodua nolakoa den herritarrei kontatzen uzteagatik, eta eskerrik asko bi kazetari gazteri irakatsi diezuen guztiagatik. Bai lan profesionalari begira eta baita modu pertsonalean ere. Egoera gogorrak aditu eta idaztea egokitu zaigu, eta buruhauste batzuk ere izan ditugu elkarrizketa nondik bideratu, testua nola borobildu… Eta lagundu diguzue itxura batera ezer gertatzen ez den mundu honetatik atera eta errealitate gordina hobetoxeago ezagutzen.

Hasieran aipatu dugu sailaren astekariko ibilbidea bukatutzat eman dugula, eta orain blog honekin emango diogu jarraipena. Prekarietateak geroz eta aurpegi gehiago dituen honetan, horien berri ematen jarraitu nahi baitugu. Aurretik argitaratutako artikulu guztiak jarriko ditugu irakurgai gune honetan, eta pixkanaka jarraituko dugu bloga eguneratzen.

Itsaso Zubiria Etxeberria eta Lander Arretxea Bereziartua