Seme-alabek etxean bizitzen jarrai dezaten borrokatuko dut

Seme-alabek etxean bizitzen jarrai dezaten borrokatuko dut

Karmele Lopez de la Manzanara dut izena eta 38 urte ditut. Hiru seme-alabekin bizi naiz Bilbon. Langabezian nago eta gure etxea galtzeko arriskuan gaude, baina behar adina borrokatzeko prest nago hala gerta ez dadin.

9, 11 eta 15 urteko hiru seme-alaba ditut. Horregatik eta lanik ez dudalako, 800 euro inguruko laguntza jasotzen dut. Kontu korrontea baliogabetu didaten arte, horietako 400 Kutxabank-i gure etxebizitzaren hipoteka ordaintzera bideratu ditut, eta beste erdiarekin lauron gutxieneko beharrizanak asebete ditugu.

Seme-alaben aita ez da gurekin bizi, bananduta baikaude. Hala ere, etxebizitza bion izenean dago, eta hari dagokio hipotekaren beste erdia ordaintzea. Dirudienez ezin du zati hori ordaindu, eta haren atzerapenen gaineko interesak niri ari zaizkit eskatzen. Hasieran 10.000 euro inguru baziren ere, interes tasa izugarriak direla-eta, berehala egin du gora. Nahiz eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak publikoki esan atzerapenei dagokien interesa %10ekoa dela, %19a ezartzen digute guri. Salaketa jarri diet, eta epaile batek gure hipotekak neurriz kanpoko klausulak dituela onartzea lortu dudan arren, gastu judizialak gehitu dizkiote nire zorrari.

Hasieran zorra kolpetik kitatzeko eskatu zidaten; eta ezingo nuela ikusita, hilean 1.000 euro ordaintzen ahalegintzeko iradoki zidaten gero. Baina 800 euroko diru-sarrerekin, ezinezkoa zait. Hortaz, gaur-gaurkoz, gure etxebizitza galtzeko arriskuan gaude. Nire esku dagoena egingo dut adostasuna lortzeko. Hori bai, tratuak bermatu behar du nire seme-alabei jaten eman ahal izango diedala.

Zorionez, ez nago bakarrik: Bilboko etxegabetzeen kontrako mugimenduekin harremana dut eta lan izugarria egiten ari den jendea dago. Berriki Maite izeneko burkidearen eta haren alabaren etxegabetzea gelditu dugu, langabetuen asanbladaren laguntzarekin. Ezinbestekoa da beste batzuen babesa sentitzea, psikologikoki oso gogorra delako zure etxebizitza galduko duzun beldurrez bizi beharra.

Baina oraindik ere jende gutxiegi mugitzen da. Beldurgarria da bankuek zenbat botere duten, erakunde publikoak zein pribatuak dituzte haien esanetara. Herritarrok aurre egin behar diegu, gaur ni nagoen bezala, bihar beste edonor egon baitaiteke etxebizitza galtzeko arriskuan. Haserrarazi egiten nau bankuek jendearen lana eta sufrikarioarekin negozioa egiten dutela pentsatzeak. Dirua baduzu, munduko pertsona garrantzitsuena zarela sinetsarazten dizute; dirua ez duzunean aldiz, pertsona ere ez zarela dirudi.

Nire kasura itzulita, ziurtasunez esan dezaket datorrenari aurre egingo diodala; borrokatu egingo dudala, nire seme-alabengatik bada ere, haien etxean bizitzen jarrai dezaten. Umeak ohiko ingurunetik ateratzeak ondorio larriak eragin ditzake. Hori gutxi balitz, etxebizitzarik gabe geratzen banaiz seme-alabak kendu ahal izango dizkidate, eta hori ez dut inondik inora onartuko. Ez dut egun bakar bat ere pasako haiek nirekin izan gabe.