Larraineko Euskal Hollande
Francoise Hollande izan da bozkatuena lehen itzulian. Bigarrenean Martine Aubry izanen du arerio. Lehia horretatik aterako da Sarkozyri aurre eginen diona. Ez dakigu Francoise Hollandek pasa den agorrilaren 7an Larrainen egin agerraldiak ezer lagundu ote dion Eliseorako bidean.
Hollandek Larrainen Telesforo Monzon Pastoralaren karietara egin agerraldia oihartzuna izan zuen bere garaian. Ez zen Zuberoako herrira hurbildu zen politikari bakarra, hori bai, Otsagiko Xalba lagunari kasu egin behar badiot Hollande izan zen goiztiarrena. Xalba artzaia da eta udak Orhiren abaroan ematen ditu, baina gutxi izanen dira Xalbarik gabeko pastoralak.
Otsagikoak kontatua dakit, itxuraz etxean ari zen Jean Lassalleri tokia eta protagonismoa kendu zizkiola Hollandek. Lassalle okzitaniarra arribatu zenerako hainbat joan-jinak eginak zituen Hollandek, harrigarriena orkestrako kide, soinuegile baten laguntzaz egin zuena, izan ere, ikuskizuna hasi baino ordu erdi bat lehenago agertokiaren gibeleko aldean bost minutu pasatxo igaro zituen Frantziako Alderdi Sozialistaren hautagaiak. Soinuegile hori izan zuen zizerone gibelaldeko bisitak iraun zuen bitartean, hura amaiturik gorde zioten eserlekura itzuli zen sozialista. Jean Lassalle heldu zenerako Hollande eseria zen lehendabiziko lerroan, Okzitaniakoak ez zuen eserleku egokirik antzematen, eta joan-jin haietan Hollanderen paretik igaro zen eta elkar agurtu zioten. Hau guzti hau hurbiletik ikusi ahal izan zuen ezker abertzaleko kide esanguratsu batek.
Otsagiko Xalbak arras gutxitan zapaltzen ditu elizaren harlauzak, baina liturgia maite du, eta liturgiatzat du pastorala, eztarria urratzeraino arituko da kantaria horrelakoetan, eta pastoral honetan ez zuen aitzakiarik, Telesforo zenaren kantu guztiak goitik behera menperatzen baititu. Zinez menperatu, ez usu egiten dugun gisan, lehendabiziko ahapaldi kantatu eta errepika berriz noiz kantatuko zain geratzen garenon moduan, hirugarren estrofa gogo biziz abestuko dizu testua biltzen duen liburuari erreparatu gabe, eta berak kontatua dakit gisa berean aritu zela ezker abertzaleko kide esanguratsua. Xalbak ez zuen Hollande kantuz ezagutu eta egun hartan Lassalle ez zen sobera saiatu, okzitaneraz kantari aparta dela dakigun arren.
Xalbak berritutako hau guztia gogoratu dut Hollande inoiz euskararen balizko ofizialtasunaz mintzo delako eta bestalde, gaur urriak 10 dituelako, duela bi mende gaurko egunarekin Euskal Herriak eman duen politikorik rameganteena jaio zen, eta hura kantuzale zen inondik ere. Zalaparta handirik gabe igarotzen ari da Xaho urtea.
Aupa Patxi,
Hollande kanpaina egitera joan zian Pastorala kari, ziurki, izanik ere, Martine Aubryk, Jacques Delors-en alaba, ama xiberotarra baitüzü: originaire de la Soule (Pays basque). Horrela dio Wikipedian, eta halaxe dakizut iturri onetik.
Jacques Delorsek EHko Laborarien Ganbara sostengatu du sorreratik.
Eta finitzeko, François Fillon, Estatuko egungo lehen ministroa est le fils de l’historienne basque Anne Soulet et de Michel Fillon, notaire originaire de Vendée (les Essarts) et des Deux-Sèvres (Secondigny)…
Beraz, ez gara hutsaren hurrengoak, ez horixe!