Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
RUDA: Guatemalako emakume enpoderatuak eta sendabelar eder hura
Atalak: Justizia, sexismoa
RUDA dokumentalak Guatemalako emakumeen indarkeria egoera anitzak ditu mintzagai. Emakumeok denetariko erasoak jasan dituzte haien bizitzan zehar baina hargatik ez dira biktima paper hustuan geratu.
Candelaria, Isabel, Johana, Natalia, Olga, Sabina, Sebastiana, Teresa….emakumeoi haien eskubideak modu batean edo bestean ukatu egin zaizkie; ohiko prozedura ordea, irauli egin dute. Beldurra gainditu eta gatazkaren bestaldean kokatu dira, indarturik. Hala, haien esperientzia komunitateko beste emakume batzuei kontatu diete eta elkarren arteko elkartasun sarea ehunduz joan dira.
Instituzioen babesetik harago, egoera are konplexuagoan bizi dira emakume asko eta asko. HArtara, beharrezkoa dute haien tresnak garatu eta elkarri laguntzeko beste bide batzuk arakatzea. Bakoitzak dakienetik abiatuta, izan sendagile, hezitzaile, ehungile…..nork bere ekarpena eskaintzen dio ondoan daukan lagunari, denon artean, indarkeria egoeratik ihes egin eta bizitza duina berreraikitzeko tresnak garatzeko. AMUTED, Majawil Q’ij eta CICAM emakume elkarteen babesa eta laguntza jaso dute; Oxfam GKE erakundeak eta PIKARA magazinek dokumentalaren gidoian lagundu eta proiekturako babesa eman dute. Proiektuen bideragarritasuna neurtu eta komunitateetako emakumeek beraiek erabakitzen dute zein den lehentasun handiko afera, eta haien artean sortzen dute oztopoei aurre egiteko modua, irribarrea galdu barik.
Izen ezin aproposagoa iruditu zait RUDA. Geurean erruda usainduna edo bortusai izenez ezaguna, oso belar estimatua da Latinamerikako jatorrizko herri ugaritan. Maputxeek sendabelar magikotzat dute eta matxi guztiek haien oinarrizko botika gisa erabiltzen dute. Emakumeon hilekoa orekatzeko lagungarria da, arazo hormonalak dituzten emakumeek sarri erabiltzen dute hilekoaren joana kontrolatzeko. Dosi altuegia hartzeak abortoa eragin lezake, eta kontrolik gabeko kontsumoak heriotza, giharrak uzkurtu egiten ditu eta.
Pozoietako sendabide eraginkorra da eta antzinean monasterioetan erruda ugari erabili ohi zuten, esperma kopurua gutxitu eta sexu grina apaltzen duelako. Hain dauka usain sarkorra, ezen baratze eta ortuetan ere oso erabilia den, azeria eta katuak ganadura eta landareetara hurbildu ez daitezen.
Ruka edo etxe eraiki berrian, ohikoa da erruda sorta teilatutik behera zintzilik ikustea, espiritu maltzur eta mamuak uxatzeko.
Oraingoan emakume eder eta boteretsuak dira gure errudak, haien bizitzen jabe izateko ahalegin bikainean.