Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Jatorrizko hizkuntzen III.kongresuaz
Atalak: Historia, Hizkuntza
Txileko jatorrizko herrien mapa
Urtarrilean zehar Jatorrizko hizkuntzen III. kongresua ospatu da Santiagon, Txilen. Jarduera ugariz betetako bi egun izan dira, sargoritsu eta biziak. Aurten Euskadi eta Peru izan dira herri gonbidatuak. Bi egunetan, goiz eta arratsaldez, hamaika proiektu eta motxila bete kezka aurkeztu dituzte jatorrizko herrietako hiztunek, hizkuntzalariek eta hizkuntza biziberritze proiektuetan murgildurik dauden eragileek.
Kongresuan lan taldeak antolatu ziren gaiaren arabera. Gaiaz mintzatzeko adituak eta boluntarioak aurkeztu ziren, ondoren, eztabaida mahaiak bideratzeko.
Eztabaidetako batek hizkuntza biziberritzeko prozesuak izan zituen ardatz. Ikerketa lanen joera teorizatzaileegia kritikatu zuten; kontua ez da ikuspegi teorikoa baztertzea, ikuspegi teorikoa praktikoarekin osatzea baizik. Ikertzaileek haien eremu akademikotik irten eta lekuan lekuko errealitatea ezagutzeko konpromisoa hartu behar dute, ondoren, proiektu egingarri eta baliagarriak proposatu ahal izateko. Metodologia aproposak sortzeko beharra azpimarratu zuten. Senideen erantzukizuna funtsezkoa da edozein hizkuntza biziberritzeko prozesuan, izan ere, han bildutako lagunen iritziz, erantzukizuna ez da kanpo eragileegan soilik jarri behar, berez, estatuak ere beregain hartu behar baitu errealitate plurinazionalari erantzuteko erronka.
Baliabideei dagokienez, kulturartekotasuna lantzeko lehenik eta behin gizon eta emakumeek haien jatorrizko kultura ezagutu eta zoriontsu garatzeko baliabideak izan behar dituzte ( gaztelaniaz intraculturalidad terminoaz ezagutzen duguna). Pertsona osasuntsuak sortu ( maila psikologikoan eta espiritualean) bizitzan egoki formatu eta proiektatzeko ezinbesteko baldintzak dira, ondoren, kulturartekotasuna praktikatzen hasi ahal izateko. Hezkuntza indigena zatika eta baldintzaturik lantzeari utzi behar diote eta eduki guztiak transbertsalitate bati erantzunez jorratu behar dituzte. Hartara, eskolako edukia berpasatu behar da eta gobernuak beregain hartu behar du Txilen dagoen kultura aniztasuna; curriculumak dakarren edukia beraz, deszentralizatu eta lekuan lekuko errealitatea jaso beharko du. Eskolak jatorrizko herrien kultura indartzeko tresna behar du izan.
Komunikabideez eta arte indigenaz aritu ziren mahaian bestelako kezka eta proposamenak azaldu ziren. Hizkuntza sortu eta garatzeko askotariko epistemologiak landu behar dira artearen sorkuntzarekin batera, alegia, ez dira elkarren artean isolaturik bizi diren kontzeptuak, artea hein handi batean eta jatorrizko herri ugaritan, kulturaren adierazpen nagusia baita eta kultura hori berori ulertzeko gakoen gordelekua. Arte indigenaz ari naizelarik, musika, artilea eta telareak, literatura, zinema eta ahozkotasunaz ari naiz, besteak beste.
HIzkuntza eskubideak, jatorrizko herrien 169. hitzarmena eta hezkuntza sistemen lan taldean eskubide orokorrez eta norbanakoez aritu ziren, 169. hitzarmena aplikatzeko orduan. Galdeketak jatorrizko herriei egin behar zaizkie eta galdeketen emaitza estatuak aintzat hartu behar duen datua da nahiz eta sarritan hitzarmenak galdeketaz harago ezelango ondorioak ez izan. Atal horri buelta emateko proposamen batzuk azaldu ziren. Hezkuntza sistemara hurbildurik, ikasle ugarik goi mailako hezkuntza zentroetan jatorrizko hizkuntza praktikatzeko espazio berriak aldarrikatu zituzten baina eskakizun hura burutzeko oztopo administratibo ugari dituztela salatu zuten; zenbait adituk hezkuntzaren autodoterminaziora jotzeko aldarria egin zuten, hau da, hezkuntza proiektuak Txilen dauden errealitate kultural anitzetara egokitzea eta handik hezkuntza sistema eraginkorra eta demokratikoagoa garatzea. Espazio geografikoaren baitan, hiriburua herrietatik dexente aldendurik dago bai geografikoki, baita fisikoki ere. Distantzia hura hautsi eta bi espazioen arteko sozializazioa planteatu zuten herri-hiri dikotomia apurtzeko helburuaz eta estatuan sortu diren era guztietako desorekak apaltzeko helburu gisa.
Ipuinak, kontakizunak eta ikerketa liburuak aurkeztu zituzten: Aymarak Txileko iparraldean bizi dira, Arica- Parinacota eskualdean. Haien hizkuntza ikasteko metodo polita aurkeztu zuten, umeei hizkuntza irakasteko cd-a. Diskoak kantak zekartzan, oinarrizko berba batzuk eta elkarrizketa arinak. Aurkezpena Gracielak gidatu zuen eta haren bizipozak liluratuta utzi gintuen. Maputxeen zeruaz mintzo den beste liburu bat ere aurkeztu zuten, Wenumapu: zeruak mundua ulertzeko ematen dituen gakoez dihardu, deskolonizaturik. Oso ondo hornitua.
Funtsean, nekez uler daiteke hizkuntza baten balorazioa lurraldetasuna kontuan hartu gabe. Hizkuntzen biziraupena ez da afera linguistiko hutsa, faktore politikoak, sozialak eta historikoak ere kontuan hartu behar dira. Jatorrizko herriek hezkuntzan parte hartze zuzenagoa behar dute, hezkuntza eredu tradizionala irauli eta deskolonizazio ariketa sakona egin, curriculumean aldaketa egokiak proposatu ahal izateko; hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza eredu hegemoniko eta okzidentaletik askatu beharra dago oinarrizko kontzeptuak argitze aldera. Hala, hainbat termino berriro aztertu behar dira, besteak beste kulturartekotasunari dagokiona, egun, estatuak bere programan txertatuta eduki arren, ez baita halakorik ematen Txilen bizi diren hizkuntza eta kulturak ez direlako berdintasun parametroen arabera tratatzen.