Nanoteknologia
Muturreko tamainak deigarriak izan dira beti gizakiarentzat. Horren adierazgarri dira gaur egun abian diren hainbat eta hainbat ikerketa lerro. Izan ere, muturreko tamaina horietan ez ohiko propietateak agertzen dira, eta horrek ikerkuntzarako leiho bat irekitzea dakar. Nanoteknologia ere horietako bat da. Izen honek biltzen ditu nano eskalako osagaien diseinuari, sintesiari edo aplikazioei loturiko teknologiak. Nanometroa milimetroa baino miloi bat aldiz txikiagoa da, eta nanoteknologiak nm bat eta 100 nm arteko osagaiak ditu ardatz. Konparaketa bat egite aldera, gure buruko ile batek 70.000 nm inguruko lodiera izaten du batazbeste.
Richard Feynman fisikariak aipatu zuen lehenengo aldiz nanoteknologia 1959an eman zuen hitzaldi batean. Une hartan zientzia fikziozko zerbait zirudien, tamaina horretako osagaiak eraldatzeak atomoz atomoko lanketa eskatzen baitzuen. Gaur egun ordea, badira zehaztasun horrekin lan egitea ahalbidetzen duten túnel bidezko mikroskopioaren moduko baliabideak. Eta honek nanoteknologiaren garapena ekarri du.
Diotenez, nanoteknologiak bigarren industrializazio baten moduko zerbait eragingo omen du. Gaur egun nanoteknologiaren lorpenik aipagarrienak nanopartikulen diseinuari loturikoak dira. Nanopartikula hauek esparru eta arlo ezberdinetarako oso propietate interesgarriak dituzte. Adibidez, horietako batzuk airearen eta uraren kutsaduraren trataeran erabili ahalko lirateke. Beste zenbaitek, propietate fotoboltaiko aipagarriak izanik, eguzki energiaren erabilera hobetuko lukete. Dudarik gabe, bi aplikazio hauek oso onuragarriak lirateke ingurumenari dagokionez.
Era berean, ezin dira ahaztu nanoteknologiak medikuntzan lituzkeen aplikazioak. Horien bidez, gaixotasunen diagnostikoa azkartzeaz gain, farmakoek gaixo dauden zeluletan era selektibo eta zehatzagoan eragitea lortuko litzateke. Zalantzarik gabe, hau aurrerapen garrantzitsua litzateke minbizia bezalako gaixotasunen aurka. Virusen aurka zuzenean joko luketen nanorobotak ere izango omen ditugu. Hauek, gure zainetan zehar mugituko lirateke virusen eta bestelako mikroorganismoen aurka eginez.
Garai batean, guztiak etorkizun urrun bateko kontua zirudien. Baina etorkizun hori neurri batean behintzat iristen ari da. Izan ere, kosmetika munduan nanopartikulak erabiltzen dira honezkero eguzki krema eta antzerakoetan, eta honek nolabaiteko kezka ere sortu du, nanopartikula horiek osasunerako kaltegarriak ote diren.
Nanoteknologia, izen luzea bezain osagai txikiak. Osagai txikiak bezain esparru zabala. Antza denez, nanoteknologiarekin elkarbizitzen ikasi beharko dugu.
Egin klik hemen grabaketa entzuteko.
(Sarrera honekin batera zulo beltzei buruzko grabaketa ere zintzilikatu dut)
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia - […] Oier Lakuntza / 2016-04-07 /320 hitz […]
Irakurri baino entzun egin dizut, eta mezua ondo iritsi zadala esan beharko, gustura. Gaia erakargarri gertatu zait, halere, aipatzen dituzun nanoteknologiaren balizko aplikazioak oro har onartzen baditut ere, “medikuntzan lituzkeen aplikazioak” aipatu duzunean, muturra okertu zait. Nik ez dut medikuntza “ofizialean” (alopatikoan) sinesten, iruzurra dela deritzot hainbeste txerto, antibiotiko eta gainerako erabiltzeari. Minbizia dela eta, zenbateko dirutza “zientifikoen ikerketarako omen dena” jasotzen den eta zenbateko negozioa egiten duten multinazionalek farmakoekin, urtero-urtero komunikabide handietan sustatzen diren kanpainetan jendeari eskuzabala izan dadin eskatuz, minbizia edo halako gaixotasuna aurki aurre egiteko konponbideren bat lortzeko laguntza ezinbestekoa delako amarrua erabiliz, eta batez ere beldurrarekin jokatuz, eta abar.
Minbizia bezalako gaixotasunak sendatzeko badira moduak, “ofizialen” medikuntza baino askoz ere modu naturalagoak eta eraginkorragoak. Kontua, ez da “gaixotasunari aurre egitea”, osasunari begira jardutea baizik.
Beno, barkatu luzatu izana, baina asmoa ideiak adieraztea nuen eta dut, polemika orotik landa.
Ados nago enpresa farmazeutikoek gure beldurraz baliatuz egiten dituzten bidegabekeriak aipatzen dituzunean. Dudarik gabe, dberen helburua dirua lortzea da, eta gaixotasunen kontrako borroka horretarako bidea baino ez da.
Dena den, gustatu ala ez, nanoteknologia medikuntza mailan ere erabiliko da. Sarrera honen helburua nanoteknologiaren balizko aplikazioak aipatzea zen, eta funtsean, medikuntzakoak ere zentzu horretan ulertu behar dira. Azken finean, nekez egingo dugu enpresa farmazeutiko horien asmoen aurka, beren baliabideak ezagutzen ez baditugu.