Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- IƱaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
ICIQeko talde teorikoen buruhausteak
Atalak: Gaurkotasunekoak
Gaurko sarrera honetan atzera begira jarriko naiz. Atzera begira diot, jadanik ICIQeko egonaldia iraganeko kontua delako. Izan ere, aste honetan bukatu dut bertan egin dudan bi urteko ikerketaldia. Hala, ICIQeko talde teorikoen ikerketei eskeiniko dizkiet gaurko lerroak, kimika teoriko eta konputazionalaren bidez egin daitezkeen ikerketen ikuspegi orokor bat izan dezazuen.
Kataluniako kimika ikerketen institutuan (ICIQen alegia), arlo ezberdinetako hogei bat ikerketa talde inguru daude. Institutuaren helburu nagusia prozesu katalitiko berrien garapena lortzea da. Prozesu hauek, material biodegradagarrien nahiz polimero berrien sorrera, lehengaien erabilera errentagarriagoa edo aldaketa klimatikoa moteltzea lagunduko lukete. Azken helburu horri begira, bi dira jorratzen diren ikerketa lerroak: ura zatitu eta erregai garbi bezala erabili ahalko litzatekeen hidrogeno molekularra lortzea, eta aireko karbono dioxidoa metanola bezalako konposatu erabilgarri bihurtzea.
ICIQeko hiru ikerketa talde teorikoen lana ere kontextu honetan ulertu behar da. Hauek ordea, ez dituzte ohiko laborategiak erabiltzen, elektroien nahiz atomoen portaera islatzen duten printzipio mekanokuantikoak ebazten dituzten ordenagailuz betetako laborategi teorikoak baizik. Dena den, sarritan beharrezkoa izaten da ordenagailuetan lorturiko emaitzak ohiko laborategietan esperimentalki lortzen direnekin alderatzea, egiten ari diren kalkulu eta hurbilketak zuzenak direla ziurtatzeko. Zentzu horretan, ikerketa talde teoriko eta esperimentalen arteko harremana etengabea da. Halaber, zenbaitetan emaitza teorikoak behar izaten dira laborategian egindako behaketak arrazoitzeko, eta halakoetan ICIQeko ikerketa talde ezberdinen arteko kolaborazioak behar izaten dira. Funtsean, horixe da era honetako ikerketa zentruen arrakastaren arrazoi nagusia.
Bada, hiru talde teorikoen lana hiru esparru nagusitara bideratzen dela esan daiteke:
Katalisi homogeneoa: erreakzio jakin bat lortzeko katalizatzaile baten erabileraren bideragarritasuna ikertzen da, eta bideragarria dela ondorioztatuz gero, erreakzio hori nola gertatzen den ikertzen da, prozesu katalitikoa fintze aldera. Homogeneo hitzak, erreaktiboak, produktuak eta katalizatzailea bera fase berean daudela adierazten du, dela gas egoeran dela disoluzioan. Talde honen ikerketen artean leudeke, katalizatzaile baten laguntzaz ura eguzki energiaren bidez zatitu eta hidrogeno molekularra lortzeko erreakzio baten ikerketa, edo erreakzio estereoselektibo batzuen azterketa. Era berean, era honetako sistemak ikertzeko metodo ezberdinen bideragarritasunaren inguruan ere lan egiten da.
Katalisi heterogeneoa: Kasu honetan ere erreakzio bat katalizatzaile baten laguntzaz nola gertatzen den, edo gerta ote daitekeen ikertzen da. Kasu honetan ordea, erreakzioan parte hartzen duten erreaktiboak eta katalizatzailea fase ezberdinetan aurkitzen dira. Esate baterako, erreaktiboa gas bat izango da eta katalizatzailea gainazal solido bat. Beraz, lehenik eta behin gasa gainazalean adsorbaturik (harrapaturik) gelditu behar da, erreakzioa gertatzeko. Katalisi homogeneoarekiko beste diferentzia haundi bat, katalizatzailearen mugimenduak askoz ere mugatuago daudela da, ez baita berdina molekula bat mugitzeko askatasuna eskeintzen dion gas egoeran aurkitzea edo solido egoeran aurkitzea. Halaber, erreakzioan parte hartzen duten konposatuetako bat solido nahiz likido egoeran aurkitzen baldin bada, posible izango da bi erreaktibo nahiz katalizatzaile molekulak elkarrekin elkarrekintza bat izatea, edo erreaktibo molekula batek aldi berean bi katalizatzaile molekularekin elkarrekintza nozitzea. Hau nahitaez kontuan hartu beharko da erreakzio bat aztertzeko garaian. Bukatzeko, sistema heterogeneoenaazterketarako sistema homogeneoen kasuan erabiltzen ez diren kalkulu metodo batzuk behar izaten dira, eta talde honetan horien garapenean ere lan egiten da.
Polioxometalatoak: ICIQeko hirugarren talde teorikoaren ikerketa lerroetako bat, polioxometalatoei (POM) loturikoa da. Konposatu hauek batez ere molibdenoa edo wolframioa bezalako trantsizio metalez eta oxigenoz osaturik daude. Simetria haundiko konposatuak izaten dira: trantsizio metala erdigunean eta oxigenoak bere erpinetan dituzten oktaedro ezberdinen elkarketa bat izan liteke, eta era honetako egitura ezberdinak fosforo, aluminio edo silizio atomo baten inguruan bil daitezke. Ikusi ahal izan denez, konposatu hauek katalizatzaile onak izan ohi dira, propietate antitumoral nahiz antibiralak dituzte, eta uren garbiketan erabil daitezke. Bada, horretarako lehen urratsa konposatu hauek ongi ezagutu eta beren egoera elektronikoa deskribatzean datza.
Hiru lan esparru hauek kimika teoriko eta konputazionalaren erabilgarritasunaren adibide garbiak dira. Beste hainbat eta hainbat ere badaude, baina ICIQeko talde teorikoen lana hiru esparru hauetara mugatzen da.
Ba gaurkoz hau izan da guztia. Egia esan, polioxometalatoen atalak berari eskeinitako sarrera bat merezi duela uste dut, egituren irudi eta guzti. Baina hori beste baterako utziko dut.