Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Lurraren mugimenduak
Atalak: Gaurkotasunekoak
Gizakiak betidanik eduki izan du unibertsoan gertatzen denarekiko jakinmina. Egunez eguzkia, eta gauez ilargia eta gainontzeko izarrak zeruan mugitzen sumatzeak, gure planetak unibertsoan duen kokapenaren eta garrantziaren inguruko teoria askori bide eman zion. Jakina den bezala, horietako lehenengoa teoria geozentrista izan zen, eta honen arabera, Lurra unibertsoaren erdigunean aurkitzen zen eta gainontzeko izar eta planetak bere inguruan biraka ari ziren. Kristautasunak teoria hau sutsuki defendatu zuela esan behar. Izan ere, jainkoak gizakia sortu bazuen, logikoa zen berau unibertoaren erdigunean kokatzea. Hurrengo urratsa teoria heliozentrista izan zen, eta honen arabera eguzkia zen unibertsoaren erdian zegoena, eta Lurra bere inguruan biraka ari zen.
Gaur egun jakina da bi teoria horiek okerrak direla. Izan ere, unibertsoan izarrez osaturiko galaxia asko daude, eta Lurra Esnebidea galaxiako ertz batean aurkitzen da, eguzki sisteman alegia. Halaber, egindako ikerketa eta neurketek, eguzki sistemaren baitan gure planetak dituen lau mugimendu ezberdin deskribatzeko balio izan dute.
Zentzu horretan, asteburu honetan, larunbateko arratsaldeko seietan zehatzago esateko, puntu esanguratsu bat pasako du Lurrak bere eguzkiaren inguruko orbitan. Izan ere, une horretan eguzkitiko izpiak ipar hemisferiora modurik zeharrenean iritsiko dira. Neguko solstizio hau, Lurraren mugimendu ezberdinak gogora ekartzeko momentu egokia izan daiteke. Dena den, beste askotan esan izan dudan bezala, ni kimikaria naiz, eta Lurraren mugimenduei buruz idazteko informatu beharra izan dut. Beraz, zuen zuzenketa eta iradokizunak ongi etorriak izango dira.
Errotazioa
Lurrak bere ardatzaren inguruan egiten duen biraketa da errotazioa, eta horren ondorioz bereizten ditugu guk egunak eta gauak. Izan ere, errotazio horretan zehar une batzutan gure aldea eguzkira begira egongo da bere izpiak gugana helduko direlarik (lainoturik ez badago behintzat!), eta beste batzutan itzalean geratuko da. Biraketa ardatz hori hego polotik ipar polora doan ardatzari dagokio, eta jakina den bezala, Lurrak 24 ordu behar ditu ardatz horren inguruan bira oso bat emateko.
Traslazioa
Lurrak eguzkiaren inguruan osatzen duen mugimendua da traslazioa, eta 365 egun eta 6 ordu irauten ditu. Mugimendu honetan, badira zenbait ñabardura sarritan ahaztu egiten ditugunak: alde batetik, traslazio mugimendu hau ez da erabat zirkularra, eliptikoa baizik. Alegia, Lurretik eguzkirako distantzia ez da beti berdina, eta distantziarik luzeeneko (afelio) eta motzeneko (perihelio) puntu bana bereizten dira. Bestalde, eguzkia ez da elipse horren erdigunean aurkitzen, bere ardatz nagusian apur bat alde batera baizik. Dena den, ia ia orbita zirkularra dela esan daiteke. Izan ere, Lurretik eguzkirako distantzia batazbeste 150 miloi km-koa da, eta afelio puntuan perihelioan baino 5 miloi km inguru luzeagoa baino ez da.
Era berean, sarritan egiten den beste nahasketa bat perihelio eta afelio puntu horiek udaren eta neguaren hasierekin konfunditzea izaten da. Izan ere, urtaroak bereizten dituena ez da Lurretik eguzkirako distantzia, eguzki izpiak Lurrera iristen direneko zuzentasuna baizik. Hau ulertzeko, lehenago aipatu dugun errotazio ardatzaren (edo ekuatore planoaren) eta traslazio planoaren arteko inklinazioa gogora ekarri behar da. Bi plano hauek elkarren paraleloak balira, urte osoan zehar eguzki izpiak modu beretsuan iritsiko lirateke Lurrera, eta beraz, ez litzateke urtarorik bereiztuko. Aldiz, ekuatore planoa 23º inguru inklinaturik dago, eta honek, traslazio orbitan duen kokapenaren (urte sasoiaren) arabera, eguzki izpiak zuzenago edo okerrago iristea eragiten du.
Johannes Kepler (1571-1630) izan zen bere hiru legeen bidez Lurraren (eta gainontzeko planeten) eguzkiaren inguruko biraketa lehen aldiz deskribatu zuena. Laburbilduz, horietako lehenak eguzkiaren inguruko planeten mugimendua eliptikoa dela eta eguzkia bere foko batean (ez erdigunean) kokatzen dela adierazten du. Bigarrenaren arabera, eguzkiaren eta planetaren arteko distantziarik haundieneko puntuetan, abiadura txikiena izango da, eta alderantziz. Beraz, perihelioan Lurraren abiadura afelioan baino haundiagoa da. Bukatzeko, hirugarren legearen arabera, eguzkiarekiko batazbesteko distantzia haundiagora aurkitzen diren planetek, traslazio abiadura txikiagoa izango dute.
Prezesioa
Mugimendu honen bidez, goian aipaturiko 23ºko inklinazioa duen Lurraren ardatzak, bira ematen du. Alegia, Lurraren ekuatore planoaren eta traslazio planoaren arteko inklinazioa beti 23º ingurukoa izango da, baina bere orientazioa aldatu egiten da. Zehatz esateko, 25767 urte behar dira errotazio ardatz edo ekuatore plano horrek buelta osoa eman eta hasierako puntura iristeko.
Mugimendu hau errotazio ardatzaren inklinazioaren eta eguzkiaren nahiz ilargiaren erakarpen indarraren ondorioz gertatzen da, eta perihelio eta afelio puntuak urtean zehar mugitzea eragiten du. Hala, gaur egun gure neguko solstizioa perihelio puntutik gertu gertatzen bada ere, prezesio mugimenduak aurrera egin ahala, afelio puntura hurbilduz joango da.
Nutazioa
Ilargiaren erakarpen indarraren ondorioz gertatzen den errotazio ardatzaren kulunka moduko bat da. Hau da, Lurraren ardatzaren inklinazioa goian aipatu dugun 23ºetatik apur bat igo eta jaisten da. Nutazio ziklo batek 18,6 urte irauten ditu, eta beraz, prezesio ziklo batean zehar, Lurrak 1300 nutazio ziklo egiten ditu gutxi gorabehera.
Mugimendu hauek ikusita, galdera bat egin daiteke: nola da posible gure neguan Lurretik eguzkirainoko distantzia udan baino txikiagoa izatea? Izan ere, gure kasuan gaur egun hala gertatzen bada ere, hego hemisferioan alderantzizkoa gertatzen da, hau da, udak Lurraren eta eguzkiaren arteko distantziarik motzenarekin kointziditzen du. Ez al luke horrek hego hemisferioko uda eta neguak ipar hemisferiokoak baino gogorragoak izatea eragin behar?
Lehenago aipatu dugun bezala, urtaroak eguzkirako distantziarekin baino, eguzki izpiak Lurrera iristen direneko inklinazioarekin daude erlazionatuak. Hala ere, kontuan hartu behar da hego hemisferioan ipar hemisferioan baino ozeano eremu zabalagoak daudela, eta urak lurrak baino nekezago xurgatzen duela beroa. Baliteke faktore honek bi hemisferioen urtaroen arteko aldea txikitzen laguntzea.