Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Fisiologia edo medikuntzako Nobel saria 2013
Atalak: Gaurkotasunekoak
Aurreko sarrera batean, 2013ko Kimikako Nobel sariari buruz idatzi nuen, eta sarrera hartan adierazi nuen bezala, Fisikako Nobel saria erdietsi zuten ikerketei buruzko informazioa, aurrez irabazi zuen Asturiasko printzearen sariaren harira argitaratutako Argia aldizkariaren 2381 aleko artikulu batean aurki daiteke.
Aldiz, zientzia mailan ematen den hirugarren Nobel saria, fisiologia eta medikuntzari dagokiona alegia, beste baterako utzi nuen. Aldi hartan aipatu nuen bezala, fisiologia eta medikuntza nire ikasketetatik urrun xamar gelditzen dira, eta horretaz idatzi aurretik, gaiaz informatu beharra izango nuen. Hain zuzen ere, horretan ari nintzela, Elhuyar aldizkariko azken aleko artikulu batekin topo egin nuen, Fisiologia edo medikuntzako Nobel saria zelulen garraio-sistema nagusia argitzeagatik. Artikulua irakurtzeko, Elhuyarren harpidetza digitala izan behar delakoan nago. Badakit jende asko ez dela harpideduna, eta nik, ahal den neurrian, artikuluaren azalpen orokor bat egingo dut. Harpideduna denak, onena sarrera honen bukaeran agertzen diren loturetan klik egin eta zuzenean artikuluak irakurtzea izango du.
Ikerketa hauen garrantzia ulertzeko, organismo batean konposatu mota asko aurkitzen direla, eta horietako bakoitzak organismoan funtzio jakin bat betetzen duela kontuan hartu behar da. Gainera, proteina, bitamina, entzima nahiz bestelako konposatu horiek, zelulako organulu jakin batean sintetizatu edo gorde arren, beren funtzioa beste organuluren batean bete dezakete. Hau esanda, argi dago molekulen garraioak berebiziko garrantzia duela organismo baten funtzionamendu egokia bermatzeko orduan. Artikulu horretan ikus daitekeen bezala, garraio sistema horretan faktore genetiko eta neurologikoek parte hartzen dute.
Labur esanda, konposatu horietako asko zelulen besikuletan gordetzen dira. Beren funtzioa aldiz, zelularen beste organulu batean (mitokondria kasu), betetzen dute. Hala, aurrez aipatu bezala, beharrezkoa da konposatu horiek besikulatik dagokien organulura eta dagokion momentuan pasatzea. Horretarako, besikula organuluaren mintzari lotzen zaio, eta behar den konposatua batetik bestera igarotzen da.
Ikusi denez, konposatuen garraio sistema hauek zeresan haundia izan dezakete hainbat gaixotasunen bilakaeran. Esate baterako, II motako diabetikoen kasuan, arazoa intsulinak bere funtzioa ez betetzean datza. Hau, proteina honen besikulatik egoki garraiatu ez izatearen ondorio izan daiteke. Beraz, saritutako ikerlari hauen lanak gaixotasun batzuen ulermenean lagun dezake.
Halaber, Nobel sari honek argi erakusten digu ikerketa munduan dabiltzan talde ezberdinen arteko hartu-emanaren garrantzia. Izan ere, beste Nobel sari askorekin gertatu ohi den bezala, saria hiru ikerlariri eman diote aurten. Guztiek zelulen baitako garraio-sistema ikertu zuten (edo ikertzen ari dira). Izan ere, guretzat horrek oso ikerketa eremu zehatza badirudi ere, bere baitan lan esparru ezberdinak bereizten dira, eta ezinezkoa da talde bakar batek guztiak batera ikertzea.
Baina beno, ez naiz gehiago luzatuko. Elhuyarreko harpidedunak bazarete, onena zuek zeuek hemen klik egin eta artikulua irakurtzea izango da. Artikulu nahiko motza da, baina aurtengo medikuntzako Nobel sarituen ikerketen ikuspegi orokor bat izateko baliagarria izan daiteke.
Eta tira, behin honetara iritsita, ondoko bi loturetan kimikako eta Fisikako aurtengo Nobel sariei buruzko Elhuyarren ale bereko artikulu bana irakur ditzakezue. Harpidedunak ez zaretenok, lasai, aurreko sarrera hartan azaldu nuenaren nahiko antzekoak dira, sarituen inguruko informazio gehiago aurki daitekeela bakarrik. Aukerarik baduzue, gozatu irakurketak!