Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Labirintoa arakatuz
Atalak: Aurkezpena eta jarraipena
Aurrekoan nire aurkezpen orokorra egin ostean, gatozen orain blogean irakurgai zer izango duzuen ikustera. Dena den, edozer baino lehen gauza bat argi utzi nahi nuke. Ikusiko duzuen bezala, blogean mota guztietako zientzia gaiak agertuko dira, baina honek ez du esan nahi guztietan aditua naizenik, baita zera ere! Aurreko sarreran aipatu nuen bezala, nik Kimika Teoriko eta Konputazionaleko doktoretza egin nuen, eta zerbaitetan “aditua” banaiz (ez dakit hitz hau oso egokia den), hori kimika-fisikako atal konkretu bat da.Beste gaiei buruzko sarrerak idazten ditudanean, aurrez kazetari nahiz ikasle papera jokatu behar izango dut informazioa lortzeko.
Behin hori esanda, ikus ditzagun orain blogean izango diren atalak banan bana:
Aurkezpena: sarrera hau eta Hau naiz ni irakurri badituzue, badakizue zer dagoen bertan. Honekin egin ditugu atal honekikoak.
Zientziaren paradoxak: sarritan zientziak ezusteko batzuk gordetzen ditu, hau da, eguneroko bizitzako esperientziak kontuan hartuta, badirudi gertaera batzuk ezinezkoak direla, baina muturreko baldintza nahiz egoeretan gertatu egiten dira. Hemen batipat fisika eta kimikarekin loturiko bitxikeriak jorratuko ditut, eta agian atal hau izango da jarraitzeko zailena. Edonola ere, gauzak xume azaltzen saiatuko naiz, eta bertako sarrerak irakurtzera animatzen zaituztet.
Gaurkotasunekoak: egunerokoan, telebista, irrati nahiz egunkarien bitartez zientziarekin zerikusia duten hainbat albiste iristen zaizkigu. Hauek ordea, eduki orokorreko hedabideek biltzen dituztenean, zientziaren ikuspegitik oso azalean gelditzen dira. Atal honetan albiste horien baitako kontzeptuen azalpen xume bat ematen saiatuko naiz.
Gogoetak: beste blog nahiz hedabideetan argitaratzen diren zientziari buruzko elkarrizketa eta erreportaien inguruko hausnarketak egiten ere saiatuko naiz. Ez dut nire burua pentsalari gisa ikusten, baina hainbatetan zenbait ikerlariren ekintza eta adierazpenek zer pentsatua eman dezakete. Hemen bilduko ditut horiek.
Sailkatugabeak: izenak berak dioen bezala, aurreko ataletan sartzen ez direnen lekua izango da hau. Sailkatugabeak bai, baina espero dut burugabe edo zentzugabeak ez izatea, eta bertan ere zeozer erakargarria zintzilikatu ahal izatea.
Oraingoz horiek dira blogean jartzea pentsatzen ditudan atalak. Baliteke aurrerago atal berri bat gehitu edo besteren bati izena aldatzea, baina hori denborak esango du. Era berean, eta lehenago aipaturikoarekin lotuta, ni ez naiz jorratuko ditudan gai guztietan aditua, eta baliteke kasuren batean erabat zuzena ez den zerbait idaztea. Kasu horretan, eskertuko nizueke jakinaraztea, zuen iruzkinak ongi etorriak izango dira, nik ere zuekin asko ikastea espero dut eta!
Ba gaurkoz, honekin kitto! Aurkezpen lanak eginda, hurrengoan zientziarekin hasiko gara. Ahaztu aurretik, nire asmoa astero astero sarreraren bat zintzilikatzea da, baina ikasturte honetarako egitasmo asko ditut, eta baliteke aurrera egin ahala maiztasuna aldatzea.