Paralitikoek ere sexua nahi dute
“Zuk medikuari ordaintzen diozu hagina konpontzeko. Gorputza ukitu diezadaten ordaindu beharra daukat nik. Deprimituta nengoen eta hau egiten dudanetik gustura sentitzen naiz, terapia bezalakoa da”. Sexu-laguntzailea darabilen emakume bat da hitz egiten duena, Kataluniako telebista publikorako egin duten Jo també vull sexe! dokumentalean. Aniztasun funtzionala duen jendeak ere sexua, plazera nahi duelako, behar duelako.
Tabu bat baino gehiago apurtu ditu dokumentalak, arrakasta handiz estreinatua: seme-alabak masturbatu behar izan dituzten gurasoak, laguntzaile profesionalei esker sexua ezagutu ahal izan duten elbarri edota garun-paralisidunak, sexu-laguntzaile bihurtu diren zaintzaileak… Sozialki desiragarritzat hartzen ez diren gorputzak eta harremanak gizarteratzea da dokumentalaren helburua, baita protagonistek sexu harremanak izateko eta euren bizi-kalitatea hobetzeko duten eskubidea aldarrikatzea ere.
Ukituak ez diren gorputzak
“Gorputz hauek aldatu, garbitu edo aulkian esertzen dituzte, baina inoiz ez dituzte besarkatzen, ez ukitzen. Niri maitasun handia inspiratzen didate eta bizi-lezio etengabea ematen didate”, dio sexu-laguntzaile batek, ordubeteko ikus-entzunezkoan.
TV3rako dokumentalaren egileek nagusiki bi aholkulari izan dituzte: aniztasun funtzionala duen jendeak zentsurarik, konplexurik eta diskriminaziorik gabe sexuaz gozatzea aldarri duen Yes, we fuck egitasmoa, eta kolektibo honen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten duen Tandem Team elkartea.
Desiragarri izateko eskubidea
Izan ere, “normatibitatetik eta ezarritako kanonetatik kanpo egoteak ez dizu gaitasuna kentzen erotismorako eta sexualizatzeko; elbarriak, zaharrak… ez dira desiragarritasun mapatik kendu behar. Aldarrikatu dezagun aniztasuna”, azpimarratu zigun Eneko Orozek, Nire gorputza ez zentsuratzeak indartu egiten nau elkarrizketan.
Kaixo! “Yes, we fuck” dokumentala Donostian eman zuten, iazko Feministaldian, Tabakaleran. Asko pentsarazi zidan eta asko gustatu zitzaidan. Pozten naiz online jarri dutelako!
Gai horri buruzko filma ere eman zuten Donostiako Zinemaldian, irailean: “Virir y otras ficciones”. Zoragarria.
Biak ala biak oso gomendagarriak.
http://yeswefuck-blog.tumblr.com/post/153855924839/cartas-a-tv3-de-los-directores-de-ywf