Bejondeizula, Abel
Behingoz, Olaizola eta Irujo ez dira izan norgehiagokaren izarrak. Barriolaren ekinak eman die garaipena Aspeko pilotariei Bikotekako finalean. Behingoz, duela hiru urteko arantzatxoa kendu du leitzarrak, eta behingoz, eskuzko hiru txapelketa nagusiak irabaztea lortu duten pilotarien klubera egin du jauzi.
Finaletako aurpegi ohikoak ditugu Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo. Ziurrenik horregatik, hedabideek Abel Barriola eta Andoni Aretxabaleta atzelariak elkarrizketatzea nahiago izan dute finalaren aurreko egunetan. Markina-Xemeingoarentzat, laukoteko gazteena (21 urte), lehen mailan lekua aurkitzeko eta bere ibilbidean aurrera egiteko opari eta erronka paregabea izan da finala. Leitzarrarentzat, beteranoena (35 urte), hamasei urteko ibilbide profesionalari gehitutako saria izan da.
Finalean bertan, bi atzelariak izan dira partiduko protagonistak. Olaizolari apenas utzi dioten jokoan sartzen (sartu denetan ere ez du asmatu), Aretxabaleta gaztigatu dute atzean, eta ondo eutsi dion arren, Barriolak menderatu du norgehiagoka. 22-13 irabazi dute urdinek, emaitzak erakusten duena baino gogorragoa izan bada ere partidua (698 pilotakada izan dira guztira, 71 minutuko hartu-emanean).
Final honetan, beste batzuetan ez bezala, Barriola ez da kuzkurtu (jokatu zituen lehenengo bi finalak irabazi ostean, hurrengo bederatziak galdu zituela gogoratu behar dugu). Bera izan da onena, eta falta zitzaion txapela janztea lortu du. Buruz Burukoa eta Lau T’erdikoa bazituen dagoeneko, eta azken honi esker, hiru txapelketak irabazi dituztenen klub esklusiboan sartu da, Retegi, Arretxe, Irujo eta Olaizola II.arekin batera.
Baina batez ere, aurreko egunotan zeharka edo zuzenean salatu duen “bidegabekeriari” buelta eman dio azkenean. Duela hiru urte, “ongi merezita kantxan irabazi nuen finala” ezin izan zuen jokatu Xala bikotekidearekin, zuntz-urradura sendatzeko astebeteko atzerapena ez ziotelako onartu EPEL Ligakoek. Oraingoan bai, finala beranduago jokatu da, Irujoren esku minberatua medio, baina atzerapenez, lesioez, estrategiez, arauez eta erabaki zalantzagarriez hurrengo batean mintzatuko gara.
Igandean, beteta zegoen Bizkaia frontoiko txalo gehienak leitzarrarentzat izan ziren. Bejondeiola.
Hona finaleko hainbat argazki, Ion Izagirre Puyk ateratakoak:
Zelan ez? Ez nago batere ados. Irujok txintxo-txintxo eta serio bete zuen aurrepentsatua